ASKATASUNA ÖCALANENTZAT
ELAk kurduen auziari konponbide politikoa ematea eskatu du
1999an bahitu zutenetik, Abdullah Öcalan inkomunikazio erregimeneko uharte-espetxe turkiar batean egon da giltzapetuta, erabat isolatuta, urteetan kanpoko munduarekin harremanik izan gabe, isolamendu, inkomunikazio eta torturaren aurkako Turkiako eta nazioarteko legeak urratuz.
“Öcalanen eskubideak sistematikoki urratuak izan dira harrapatu zutenetik, eta Turkiako agintariak erantzule zuzenak diren arren, nazioarteko konplizitaterik gabe nekez mantendu ahal izango litzateke egoera hori”, kexu da ELA.
Öcalanek herri eta sinesmen desberdinen arteko elkarbizitza defendatzen du, emakumeen askatasuna eta demokrazia. Ideia hauek kurduen auziari irtenbidea bilatzen lagun diezaiokete eta amaiera eman diezaiokete Ekialde Ertain osoa ezegonkortu duen gatazkari, dozenaka mila bizitza hartu dituen, milioika pertsona lekuz aldatu dituen eta 40 urte baino gehiagoz luzatu den gatazkari, hain zuzen ere.
Une kritiko horretan, ELAk Abdullah Öcalan “legez kanpo eta modu ankerrean” isolatu izana gaitzetsi du, eta mundu mailako beste erakunde sindikal, politiko eta sozialekin batera, Öcalanen askatasuna eta kurduen auzirako irtenbide politikoa eskatu du.