NAKBA (PALESTINA)
ELAk babestu egin ditu maiatzaren 15erako deitutako mobilizazioak

Aurten Nakbaren 77. urteurrena beteko da, 750.000 palestinar baino gehiago euren etxeetatik masiboki kanporatzea ekarri zuena. Oroitzapen triste hau Gazako Zerrenda Israelen supean duela 19 hilabete baino gehiagotik dagoela egiten da; 52.000 erail baino gehiagorekin; hondakinen azpian oraindik desagertuta dauden milaka pertsonekin; ospitale, eskola eta bestelako oinarrizko azpiegituren aurkako eraso sistematikoekin; elikagaiak, botikak eta elektrizitatea eskuratzeko blokeoarekin; etengabeko bonbardaketekin... Azken finean, Israelgo Gobernuaren aldetik 77 urte martxan daraman okupazio, anikilazio eta kanporatze politikarekin.
Ez gara nekatuko hau AEBen oniritziarekin, Israelen aliatu irmoarekin, eta Europar Batasunaren isiltasun eta konplizitatearekin gertatzen ari dela salatzeaz. Gerratik eta okupaziotik aberasten diren enpresen konplizitatea ahaztu gabe. Hori dela eta, ELAk herri palestinarraren aurkako genozidioa martxan dagoen
bitartean Israelgo Estatuarekin edozein harreman komertzial, instituzional, politiko edo ekonomiko haustea exijitzen du.
Maiatzaren 15 honetan, urtero bezala, BDZ (boikota, desinbertsioa eta zigorrak) eta beste hainbat eragile sozialek mobilizazioak deitu dituzte Euskal Herriko 4 hiriburuetan eta beste hainbat herritan. ELAk babestu egiten ditu mobilizazio horiek, eta bertan parte hartzera animatzen du bere militantzia.