ELAk bere elkartasuna adierazi die Turkian auzipetutako KESK sindikatuko kideei

2019/01/23
ELAk babesa ematen die erakunde terrorista bateko kide izatea leporatuta epaituak izango diren Turkiako KESK sindikatuko 97 kideei. Lan sindikala egiteagatik gutxienez 6 urte eta 3 hilabeteko espetxe zigorrak ezarri diezaiekete.

Nazioarteko sindikatuen mugimenduarekin batera, guztiz kezkatuta gaude Turkian ematen den eskubide sindikalen bistako urraketarekin.

Turkiako sektore publikoko langileen guztien, kurduak barne, eskubideak defendatzeko lan sindikala egiteagatik erakunde terrorista bateko kide izatea leporatzea eskubide sindikalak urratzen ditu.

Lan sindikal legitimoa, elkartze-askatasunaren eskubidearekin bat, ezin da inoiz terrorismo ekintzekin edo terrorismoari babesa ematearekin lotu.

Berriro ere, ahots disidenteak, bereziki mugimendu sindikala, isilarazteko Turkiako Gobernuaren estrategia dela ikusten da. Beldurra sortu nahi da funtzionario publikoen artean, bereziki emakumeen artean. Akusatutako kideen artean asko emakumeak izatea ez da garrantzirik gabeko gaia. Izan ere, emakumeak eta genero ideologia Turkiakoa bezalako gobernu autoritarioen erasoen jomugan daude.

ELAk KESKeko gure kideak babesten ditu justizia soziala eta demokraziaren aldeko beraien borrokan. Biziki eskatzen diogu Turkiako Gobernuari KESKi afiliatutako sindikatuen jazarpen estrategia amaitzea eta Nazioarteko Zuzenbidean jasota oinarrizko eskubideak errespetatu ditzala, sindikatuek Turkiako langile guztien eskubideen defentsan egiten duten beren lan legitimoa garatzeko aukera emanez.