La Suiza (Xixon)

ELAk bere elkartasuna adierazi nahi die kartzelaratuak izango diren Xixongo CNTko sei sindikalistei

2024/06/26
CNT sindikatuak protestak deitu zituen Xixongo “La Suiza” gozotegian enpresariak oinarrizko lan baldintzak betetzen ez zituelako; besteak beste, langile batek sexu jazarpenak edo hitzarmeneko lan baldintzak ez betetzea salatu zituzten. Salaketa horien ondorioz enpresaren aurrean hainbat protesta baketsu egin zituzten.

Enpresak protesta horietan aritutako hainbat langile salatu zituen eta Auzitegi Gorenak horietako sei hiru urtetik gorako kartzela zigorrekin kondenatu ditu. ELAk Auzitegi Gorenaren epaia salatu nahi du. Onartezina da protesta sindikalak delitu gisa jasotzea eta oinarrizko eskubideen defentsa estortsioarekin parekatzea. Azken urteetan haziz doan joera errepresibo honen bidez Auzitegi Gorena enpresarien erabateko inpunitatea babesten ari da.

ELAk zigortutako langileei bere elkartasuna adierazi nahi die eta berehala inongo kargurik gabe aske geratzea exijitzen du.