ARRAZAKERIAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA
ELAk berretsi du antolakuntza sindikalaren apustua, olatu erreakzionarioari aurre egiteko

ELAk kezkaz ikusten ditu migrazio-politikan migratzaileak kriminalizatu eta estigmatizatzeko hartzen ari diren erabakiak eta neurriak; horren adibide da Europako Batzordeak EBko mugetatik kanpo atxiloketa-zentroak sortzeko proposatu duen azken araudia. Giza eskubideen aldeko erakundeek diotenez, horrek giza eskubideen urraketak eta sufrimendua ekarriko dizkie migratzaileei.
Era berean, iazko azaroan onartutako Atzerritartasun legearen araudiaren azken aldaketa eta horrek asilo-eskatzaileengan izango dituen ondorioak salatu nahi ditugu. Aldaketa horrek milaka pertsona babesik gabe utz ditzake eta erregularizatzea eragotz dezake.
Azkenik, gizarte osoa eta gizarte hori osatzen duten erakundeak interpelatu nahi izan dira, arrazismo instituzionalari buruz hausnartuz. Arrazakeria hori leku guztietan dago eta eragina du bizitzako eremu guztietan eta oinarrizko eskubideetan; erroldatzeko eskubidea, etxebizitza eskuratzeko eskubidea edo hezkuntza.
Hori dela eta, ELAk prestakuntza-plan bat landuko du atzerritartasun gaien inguruan, lantokietako adierazpen arrazisten aurkako borroka edo sektore zaurgarrien antolakuntzari buruzko gaiak egituratzeko. Sektore horietan emakumeak eta pertsona arrazializatuak aurkitzen baititugu gehienbat. ELAk jatorri migratzaileko militanteekin batera egingo du prozesu hori, eta militante horiek ekarpena egingo dute ELAk erakunde antiarrazista baterako bidea egiten jarrai dezan.