ELAk Boliviako herria zoriontzen du bizitza demokratikora itzultzeagatik eta Gobernu aurrerakoi eta herrikoi bat berreskuratzeagatik

2020/10/20
ELAk Boliviako herria zoriontzen du urriaren 18an ospatutako hauteskundeetan herri boliviarraren erakustaldi irmoak garaipena eman baitio Movimiento al Socialismo alderdiko Luis Arce hautagaiari, Boliviako hurrengo presidentea izango dena. Evo Morales presidente ohiaren aurkako estatu-kolpea izan eta urtebetera eta Jeanine Añezen legez kanpoko urtebeteko presidentetzaren ostean, Arceren garaipenak ez du soilik aukera aurrerakoi eta herrikoi bat Boliviako Gobernura itzultzea ekartzen, demokrazia berreskuratzea ere suposatzen du.

Hauteslekuetan egindako inkesten arabera MASeko hautagaiaren emaitza sendoak bere garaipena bermatzen du hausteskundeen lehen itzulian.


Kolpea izan eta urtebetera, Boliviako herriak demokrazia eta askatasuna berreskuratzeko aukera du. Hauteskunde hauek funtsezkoak dira Boliviarentzat ez ezik, Latinoamerika osoarentzat ere, lurraldeak eskuinaren etengabeko ahalegin desegonkortzaile, antidemokratiko eta neoliberalei aurre egin behar baitie. ELAtik oraingoan hauteskunde orokorren emaitzak eta Boliviako herriaren borondate subiranoa errespetatzea exijitzen dugu. Era berean, MAS alderdiko Luis Arce hautagai irabazlea eta David Choquehuanca presidenteordea zoriondu nahi ditugu, Boliviako hauteskundeetan lortutako emaitzagatik.