ELAk Brasilgo demokraziaren aurkako erasoa gaitzesten du

Kongresuari, Gobernuaren Jauregiari eta Auzitegi Gorenaren egoitzari egindako erasoa sektore horien mugimendu antidemokratikoen artean azkena da. Besteak beste, oraindik ere ez dute onartzen Luis Inácio Lula da Silva presidente berria aukeratu zuen Brasilgo herriaren borondate subiranoa.
Igandeko indarkeriazko ekintzek, Bolsonaro presidente ohiaren agintaldian nagusi izan den gorrotoaren diskurtsoaren ondorio direnak, agerian uzten dute muturreko eskuineko korronte erreakzionarioek demokraziarekiko eta bere erakundeekiko duten errespetu falta normalizatzearen arriskua.
Brasilen demokraziak sufritzen ari dituen etengabeko erasoen aurrean, ELAk elkartasuna adierazi nahi die Brasilgo herriari, bere gobernu hautetsiari eta Brasilen instituzionaltasun demokratikoa defendatzen duten indar politiko, sindikal eta sozial guztiei.