ELAk CISLren 19. kongresuan parte hartu du

2022/05/27
ELA CISLren 19. kongresura gonbidatutako nazioarteko ordezkaritzaren parte izan da. CISL Italiako sindikatu nagusietako bat da, eta Erroman maiatzaren 25etik 28ra bitartean, «Esserci per cambiare» (Hor egon, aldatzeko) lelopean ospatu du bere kongresua. Bertan 1.005 delegatuk hartu dute parte, CISLk Italiako Errepublika osoan afiliatutako 4 milioi pertsonen ordezkari gisa.

Sindikatuko idazkari nagusi gisa Luigi Sbarrak jarraituko du, Reggio Calabriako eskualdetik datorrena. Kongresua irekitzeko hitzaldian bereziki laneko segurtasun falta nabarmendu zuen, “azken 10 urteetan 13.000 pertsona baino gehiago hil baitira istripuz Italian”. “Segurtasuna da gure obsesioa eta gure lehentasuna”. Sbarrak, bi ordu eta erdiko hitzaldian, “trantsizio justu bat” eta Europar Batasun osorako energia-politika bateratua lortzeko lan egingo duen “Europako kontratu sozial bat” eskatzen ere jardun zuen. “Energiarako sarbidea garantistagoa izan behar du, gasaren prezioari muga jarri behar zaio eta hornikuntza-iturriak dibertsifikatu behar dira” baieztatu zuen Sbarrak.

Bestalde, Sbarrak herrialdearen batasuna defendatu zuen, geografiari dagokionez (Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko desberdintasun sozioekonomikoak) eta belaunaldien artekoari dagokionez, Italiako gazteriaren egoera zailari egindako dei ugarietako batean. Hala, Europako Funtsak jasotzean baldintza sozialak ezartzearen alde agertu zen – Marshall Plan berri bat dira, ziurtatu zuenez –, emakume eta gazteentzako kontratu finko gehiago lortzeko.

Italiako politikari dagokionez, pandemian hildako pertsona guztiak gogoratzeaz gain (Italian bereziki bortitza izan da), erakundeetan parte hartzeko modu berri bat aldarrikatu zuen sindikatuentzat. Xehetasun gehiagorik gabe, herri ekimeneko lege berri bat promulgatzea proposatu zuen.

Luigi Sbarraren hitzaldi nagusiaz gain, garrantzi berezia hartu zuen Mario Draghi Italiako lehen ministroaren presentziak. Halaber, mahai-inguru bat egin zen Europar Batasunak datozen urteetan izango dituen erronkei buruz. Mahai-inguru horretan parte hartu zuten, besteak beste, Pina Picierno Europako Parlamentuko presidenteordeak, Luca Visentini Europako Sindikatuen Konfederazioko (CES) idazkari nagusiak eta CGIL eta UIL Italiako beste bi sindikatu handietako idazkari nagusiek.

Bestalde, CISLen kongresuak berariazko babesa eman nahi izan zion Ukrainako langile klaseari, bereziki gerraren ondorioak pairatzen ari baita, eta, horregatik, Erroman bi sindikatu ukrainarretako bi ordezkarik parte hartu zuten kongresuan: Nataliya Levitzska (KVPU) eta Oleksandr Shubin (FPU).