Argentina
ELAk elkartasuna adierazi die Argentinako Giza Eskubideen Idazkaritzako langileei

ELAk gutun bat bidali dio Alberto Baños Argentinako Errepublikako Giza Eskubideen idazkariari, Idazkaritzako langileei eragiten dien kaleratze boladaren aurrean kezkatuta dagoela adierazteko. Honi, kudeaketa falta, funtzionarioak ez izendatzea eta aurrekontuak murriztea gehitzen zaio, Javier Mileiren gobernuak Estatua desegiteko beste urrats bat emanez.
2023ko abenduan, Giza Eskubideen Idazkaritzak 1050 langile zituen, eta 2025eko urtarrilean, berriz, 540. % 50eko murrizketa horrek zuzenean eragiten die idazkaritzaren mendeko jarduera eta erakunde guztiei. Memoria-, egia- eta justizia-politikak eraikitzeko eta babesteko funtsezko entitate gisa, erabaki horiek erakunde horren arlo guztien funtzionamendu operatiboa arriskuan jartzeaz gain, Argentinan giza eskubideen urraketak ez errepikatzea bermatzeko hainbat hamarkadatako talde-lana ere ahultzen dute. Premiazkoa da kaleratutako langileak lanera itzultzea, memoriari eta giza eskubideei buruzko politika publikoen jarraipena bermatzeko eta dependentzia horiek behar bezala funtziona dezaten behar diren baliabideak ziurtatzeko. Baliabide horiek gabe, besteak beste, ezin izango da eutsi gizateriaren aurkako delituengatiko epaiketen garapen normalari.
Sindikatuok eta nazioarteko gizarte zibil antolatuak gero eta kezkatuago ikusten dugu Argentinako langileen lan eta bizi baldintzen degradazioa, eta Argentinako Gobernuari eskatzen diogu indarrean dagoen lan legedia eta eskuratutako eskubideak erabat errespeta ditzala.