PALESTINA

ELAk elkartasuna adierazi dio Palestinako herriari eta su-etena eta israeldarren okupazioaren amaiera eskatu ditu

2023/10/10
Premiazkoa da indarkeriaren eskalada saihestea eta Palestinak estatu subiranoa izateko duen eskubidea bermatzeko bake prozesua abian jartzea.

ELA sindikatuak elkartasuna adierazi nahi dio Palestinako herriari, duela hamarkada batzuetatik hona okupazioa, apartheida eta erbestea pairatzen ari baita. Ildo horretan, Palestinaren eta Israelen arteko bake akordioak betetzea eskatzen du, baita Palestinako lurraldearen okupazioa eta apartheid politika gaitzesten dituzten NBEren ebazpenak betetzea. Egungo egoeran, premiazkoa da su-etena eta negoziazioak hastea heriotza gehiago saihesteko. ELAk azpimarratu du gaur egungo lehentasuna gatazkak eragindako biztanleria zibilaren bizitza errespetatzea izan behar dela, bi aldeek bahitutako pertsonak barne, eta indarkeria-eskalada gelditzea.

Palestinako biztanleria okupaziopean bizi da duela 75 urtetik, eta giza eskubideen urraketa etengabea eta sistematikoa jasaten du, sistema genozidak eraginda. Aukera ekonomiko urriek, hezkuntza-maila baxuak, okupazio militar israeldarrak eta eguneroko indarkeriak markatzen dute Palestinarren egunerokoa. Mugen itxiera, mugikortasunerako murrizketak, baliabideen blokeoa (sendagaiak eta funtsezko beste produktu batzuk barne), etxebizitzen eraispenak eta harresiaren eraikuntza dira Israelgo gobernuak palestinarren aurka erabiltzen duen nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketetako batzuk.

Gazako kasu zehatzean, 2007tik Israelen okupazioak blokeo bat ezarri du lurrez, itsasoz eta airez, eta horrek larrialdi humanitarioa eragin du; izan ere, NBEk eremu bizigaitzat jo du, bizitzarako oinarrizko baliabideak eskuratzeko ezintasunagatik.

ELAk zenbait estatuek Palestinan garapenerako laguntza eteteko hartutako erabakia salatu du. Erabaki hori zigor bidegabea da, eta gainera, Palestinako biztanleriaren egoera okertuko du, konfrontaziorantz gehiago bultzatuz eta bakerako bidetik urrunduz.

Era berean, ELAk defendatzen du Palestinaren eta Israelen arteko gatazkaren irtenbide bakarra nazioarteko komunitateak esku hartzea dela. Israelek sistematikoki betetzen ez dituen lurralde okupatuei buruzko ebazpenak betetzea bermatu behar da. Era berean, Gazaren aurkako 16 urteko legez kanpoko blokeoa eta Israelek ezarritako sistema genozidarekin amaitu behar da. Premiazkoa da gatazkaren amaiera eta Palestinak estatu subirano izateko duen eskubidea bermatuko dituen bake-prozesua abian jartzea.