ELAk ETFren 6. kongresuan parte hartu du

2022/05/27
ELAk Budapesten (Hungaria), maiatzaren 24tik 27ra ospatu den ETFren (Europako Garraio Langileen Federazioa) 6. kongresuan parte hartu du. Bertan, Europan garraioko 5 milioi langile baino gehiago ordezkatzen dituzten 500 delegatu bildu dira.

“All Aboard! Destination: Fair Transport” (Denak ontzira! Helmuga: bidezko garraioa) lelopean ospatu den kongresuan sektorea kezkatzen duten hainbat gai eztabaidatzen ari dira, hala nola garraioaren arlo guztietan hedatzen ari den prekarietatea; plataforma digitalek giza eta lan-eskubideak ez betetzea; sektorea gehiago liberalizatzeko, pribatizatzeko eta desegiteko Europako Batzordearen politikak; edo trantsizio ekologikoa, besteak beste.

 

Kongresuan, federazioaren hurrengo urteetarako lan-lehentasunak ezarriko dira. Ildo horretan, azpimarratu da beharrezkoa dela lantokietan antolaketa lantzea eta afiliazioa sustatzea, egiaztatuta baitago sindikalizazioa handia den eremuetan lan-baldintzak askoz ere hobeak direla sindikatu gabeko eremuetan baino. Era berean, ondorioztatu da elkarrizketa sozialak ez duela balio izan langileen arazoak konpontzeko eta, beraz, ekintza-eremua ezin dela lobby zereginera mugatu.

Livia Spera italiarrak eta Frank Moreels belgikarrak jarraituko dute idazkari nagusi eta federazioko presidente izaten, hurrenez hurren. Paddy Crumlin ITFko (Munduko Garraio Federazioa) presidenteak ere parte hartu du kongresuan, eta oso argia izan da: “politikariek huts egin digute, erakundeek huts egin digute eta beharrezkoa da mugimendu sindikala birsortzea. Huts egiten ez duten bakarrak bizitza eta lan-baldintza hobeak bilatzen dituzten langileak dira.”