ELAk ETUCEren konferentzian hartu du parte

Hiru ebazpenen inguruan hausnartu da konferentzian:
Lehenik, konferentziaren ebazpen nagusia izan dena “Ekintza eta konpromisu sindikala Europan: Mobilizazioa kalitatezko hezkuntza publiko baten alde, ikasleeen mesedeetan, eta irakasle eta hezkuntza langile guztien egoeraren hobekuntza”. Bertan, ETUCEko presidentea den Larry Flanaganek hiru elementu garrantzitsuren beharra adierazi du: Batetik, hezkuntzarako finantziazio publiko handiago baten beharra, bizi dugun krisi ekonomiko sozial eta ekonomikotik errekuperatzeko bide bakarra izanik. Bestetik, negoziazio kolektibo erreal baten beharra; sindikatuoi dugun boterea eta espazioa aitortu behar zaigu nazio desberdinetan. Azkenik, konferentziaren leloak dioen moduan, mobilizazioaren beharra, hau baita sektore honetan ahotsa altxatzeko unea.
Bigarrena, “Irakasle lanbidearen estatusa indartzeko beharra eta profesioa erakargarriagoa egiteko beharra”. Ebazpen honen arrazoia, Europako herrialde askotan ematen ari den irakasle gabezia da; izan ere, hainbat herrialdek adierazi dute gabezi honen kezka eta baita lan-baldintza kaxkarren ondorioz langile askok irakasle lanbidea uztearen erabakia. Izan ere, ETUCEko presidenteordea den Odile Cordelierrek esan duen bezala, irakasle lanbidean soldaten eta lan-baldintzen atzerakada ematen ari da Europa osoan, eta, honi lotuta, gizarte mailan lanbideak duen garrantzian eta errespetuan ere atzerakada ematen ari da. Honek ezinbestean hezkuntzaren kalitatean atzerakada dakar; hezkuntzako langileen lan-baldintza egokiak eta kalitatezko hezkuntza eskutik doazelako. Dorte Langek, ETUCEko presidenteordea denak, argi adierazi du inbertsio falta dela arazo larri honen arrazoi nagusia eta premiazko neurriak hartu behar direla zentzu honetan. Eta hau baldintzatzeko, mobilizazioaren beharra erabakiorra izango dela adierazi da gaurkoan.
Hirugarrena, Ukraniako bakeari buruzko ebazpena. Larry Flanagan presidenteak Ukraniako gerra gaitzetsi du eta urgentziaz konponbide baketsu bat bilatzeko deia egin die estatuei. Gainera, Ukraniako hezkuntza sindikatuko presidentea den Georgiy Trukhanovek parte hartu du eta Ukranian bizitzen ari diren egoera larria era gordinean azaldu du. Hezkuntza sistemari dagokionez, 200 ikastetxe suntsituak izan dira eta 2.000 ikastetxetan kalte larriak daude. Hala ere, irakasle askok hezkuntza sistema sostengatzen jarraitzen dute era telematikoan; izan ere, Ukranian etorkizuna posible egingo dutenak, orain ikasle direnak dira. Hau posible izateko, Trukhanoven sindikatuak bultzatuta, hainbat berme lortu dira hezkuntza langileentzat: Langileak ezin kaleratzea, soldatak mantentzea eta beste herrialde batetik lan egiteko aukera izatea. Egoera honetan, beharrezko ikusten dituzte baliabide materialak eta eskerrak eman dizkio ETUCEri emandako laguntzagatik. Nazioarteko hezkuntzako sindikatuen elkartasunaren garrantzia gorapaitu da, giza-eskubideak errespetatzen dituen gizarte baketsu batean bizi ahal izateko.
Hiru ebazpen nagusiez gain, pil-pilean dauden hainbat gairi buruzko mahai-inguruak gauzatu dira; negoziazio kolektiboaren beharra, digitalizazioa, pandemiaren eraginak, inklusioa eta ingurumen jasangarritasuna hezkuntzaren ikuspuntutik, besteak beste.
ETUCEko konferentzian presidenteak adierazi du erakunde honen indarra ez dela bakarrik 127 sindikatu desberdinen aglutinazioa, baizik eta erakunde honek izan dezakeen botere soziala; elkarlanean lanketa desberdinak aurrera eraman behar dira, kalitatezko hezkuntza eta enpleguaren alde.