ALTERNATIBEN EUROPAKO ESPARRU BATERATUA
ELAk hainbat tailer antolatuko ditu Marseillako topaketetan
Espazio honen lehen ekimena Marseillan izango da asteburu honetan. Apirilaren 26tik 28ra gure esperientziak eta erronkak partekatuko ditugu, eta elkarrekin ekimenak eta mobilizazioak garatzen saiatuko gara. ELAk hainbat tailer antolatu ditu, beste erakunde sindikal eta sozial batzuekin batera. Horietako bat, kapitalaren Europari aurre egiteko borroka sindikalei buruzkoa, lan-gatazka eta grebei buruzko esperientziak eta politika publikoak aldatzeko gizarte-mobilizazioko dinamikak jorratuko dituena. Beste batek sindikalismoa, enplegua eta trantsizio ekosoziala izango ditu hizpide. Krisi klimatikoak eragin zuzena izango du enpleguan, eta sindikalismoak eragile aktiboa izan behar du bidezko trantsizio ekosozialaren alde.
ELAren ordezkaritzak beste mintegi batzuetan ere parte hartuko du, mugimendu feministak, ekologistak edo legez kanpoko zorra indargabetzeko sareak antolatuta. Era berean, hurrengo hilabeteetan egin beharreko aliantzen, borroken eta mobilizazioen gaia landuko den une desberdinetan ere egongo gara.