Martxoaren 8ko greban bere langileei egindako deskontua medio bildutako dirua Kolonbiako Egiaren Batzordera bideratu du ELAk

2020/01/20
Martxoaren 8ko greban bere langileei egin dien deskontua medio bildu den diru kopurua 2019an sortutako Kolonbiako Egia Argitzeko Batzordeari laguntza ematera bideratu du ELAk, Kolonbiako barne-gatazka armatuak mugimendu sindikalarekin lotutako emakumeengan dituen ondorioak ikusarazteko, hain zuzen ere.

Kolonbiako Bake Akordioa 2016ko azaroan sinatu zen, 53 urtez luzatu zen barneko gatazkari amaiera emanez. Albistea itxaropen handiz jaso zuen nazioarteak, eta, bereziki, nazioarteko mugimendu sindikalak. Gatazka armatuak gerrillak, paramilitarrak eta estatuko indarrak nahasi zituen, 263.000 hildako baino gehiago, 80.000 desagertu eta 8 milioi desplazatu edo barne errefuxiatu utziz. Emakume langileak eta sindikalistak indarkeria sistematiko eta selektiboaren biktima nagusietako bat izan dira.

Kolonbiako Gobernuak eta FARCek gatazka amaitzeko eta bake egonkor eta iraunkorra eraikitzeko sinatutako akordioaren baitan, Egia, Bizikidetza eta Ez Errepikatzeko Batzorde bat sortu zen, aldi baterako eta judizioz kanpoko mekanismo gisa. Batzordearen helburua gatazka armatuaren esparruan gertatutakoaren egia ezagutzea da, bertan egindako urraketak eta arau-hausteak argitzen laguntzea eta gizarte osoari horren konplexutasunaren azalpen zabala ematea.

Batzordearen lana testuinguru zailean garatzen da. Zoritxarrez, akordioa sinatu eta hiru urtera, balantze guztiek Kolonbian bakea arrisku larrian dagoela adierazten dute. Ivan Duque presidenteak, bere aliatu kontserbadoreekin batera, buruzagi sozialak, giza eskubideen defendatzaileak eta borrokalari ohiak sarraskitzeko politika ahalbidetzen du, zigorgabetasun osoz, gainera. 2016ko urtarrilaren 1etik 2019ko irailaren 8ra bitartean, 777 pertsona hil dituzte Kolonbian, giza eskubideen defendatzaileak eta lider sozialak.

Indarkeria-testuingurua gogorra izan arren, Batzordeak lanean jarraitzen du mugimendu sindikalak jasan duen indarkeria Kolonbiako herritarrek oso ezezaguna eta ikusezin bihurtu dutena, oro har aitortu eta konta dadin. Are ikusezinagoa da emakume sindikalistek jasan duten indarkeria, eta emakume horiengan, haien familietan, erakundeetan, komunitateetan eta langile klaseko gainerako emakumeengan eragin duen inpaktua. Giza eskubideen urraketen maila hain handiak eta hilketen, desagertzeen eta lekualdatzeen zifra estatistiko hain kezkagarriak dituen herrialde honetan, indarra hartu du emakume sindikalizatuen aurkako eskubide urraketen zifrak ez direlako oso adierazgarriak. Kolonbiako Eskola Nazional Sindikala (ENS) GKEak egindako azterketen arabera, azkenean, emakume sindikalizatuen aurkako eskubide urraketen estatistikak gutxietsi egiten dira, eta nolabaiteko pasibotasunez eta axolagabekeriaz ere ikusten dira. Ezaugarri horiek kontutan ez hartzeak emakumeak ikusezin eta baztertuta uzten ditu, eta fenomenoaren begirada partziala bihurtzen da.

Hori dela eta, Egiaren Batzordeak emakume sindikalisten egia ikusaraztearen garrantzia identifikatu du, eta, ENSek horri buruz aurreratu duen lana artikulatuz, emakume sindikalistekin eta haien familiekin batera lan egiteko ekintzak egituratu ditu. Horrela, 2020rako, "Emakume sindikalistak sentsibilizatzeko eta entzuteko topaketak" egiteko asmoa du Egiaren Batzordeak, Kolonbiako hainbat herritan. Horretarako, sindikatuetako zuzendaritza-karguetako emakumeak, talde etnikoetako emakumeak, emakume sindikalizatuak eta adineko emakume sindikalizatuak bildu eta haien iritziak jasoko ditu. ELAk babestu dituen topaketa hauen helburua emakumeek mugimendu sindikalean duten garrantziari eta rolari buruzko hausnarketak sortzea da, bai eta gatazka armatuak bere lan sindikalean, eta bizitzan orokorrean, dituen eragin desberdinei buruzkoak ere. Era berean, emakume sindikalisten testigantzak jaso nahi dira, haien egia erakusteko eta gertatutakoa argitzen laguntzeko.