ELAk Latinoamerikako emakume sindikalistei zuzendutako mintegian parte hartu du

ELAk bigarren aldiz parte hartu du ESNAk sustatutako proiektu batean. ESNA Latinoamerikako sindikatu-esparrua da, eta eskualdeko erakunde sindikalen batasunari eta indartzeari laguntzea du helburu. Otsailaren 8ko mintegia Latinoamerikako emakume sindikalistei zuzenduta zegoen, eta Nikaragua, Honduras, El Salvador, Brasil eta Uruguaiko partaideak izan zituen. Mintegiaren helburua organizazio sindikaletan genero-ikuspegiarekin aurrera egiteko prestakuntza ematea zen.
Mintegian, ELAren Zerbitzuak federazioko idazkari nagusi Maricruz Elkorok parte hartu zuen, hizlari gisa. Besteak beste, ELAk feminizatutako eta prekarizatutako sektoreetan borroka feministetan izandako esperientzia partekatu zuen. Gainera, ELAk 2014tik martxan daukan genero ekitaterako antolakuntza aldaketa prozesuaren inguruan hitz egiteko aukera izan zuen.