ELAk NATO desegitea eskatu du, mundu seguruago eta baketsuago batean bizitzeko

2022/06/28
Egun hauetan Madrilen egiten ari den goi-bilera dela eta, ELAk berriz ere gaitzetsi du NATO eta bere desagerpena eskatu du. Sindikatuak azpimarratu duenez, hori ezinbesteko baldintza da mundu seguruago eta baketsuago batean bizitzeko, eta erakunde horrek defendatzen duen hedapen militarraren etengabeko mehatxua saihesteko.

Espainiako Gobernuak erabateko babesa eman dio Madrileko goi-bilerari. Are gehiago, gerra giroan buru belarri murgilduta dago. Horrek talka egiten du 1986ko erreferendumean Euskal Herriko gehiengoak bozkatu zuenarekin; izan ere, herritarren NATOn sartzearen kontra bozkatu zuten.

Beste behin ere, NATOk bere estrategia militarista indartuko du Madrilen, kideei gastu militarra handitzea exijituz eta NATOren eragina hedatzeko gerra helburuak ezarriz (kasu honetan ekialderantz). Ildo horretan, argi dago NATOk gerran sakondu nahi duela, gatazkak kudeatzeko eta konpontzeko apustu gisa. Horregatik, nazioarteko goi-bilera hori babestea edo onartzea printzipio horiekin bat egitea eta mundua eskalada militar amaiezin batera kondenatzea da.

ELAk, aldiz, Ukrainako gerra gelditu behar dela azpimarratu du, baita munduko beste leku batzuetan, hala nola Yemenen, Sirian, Etiopian, Mendebaldeko Saharan edo Palestinan, gatazka horiek ahaztuta badira ere. Sindikatuak dio gizarteak ahalegin guztiak egin beharko lituzkeela zibilizazio-erronka handiei aurre egiteko, hala nola klima-aldaketari eta horren ondorio suntsitzaileei, gerran zentratu beharrean.

ELAk argi dauka gerra gelditu behar dela. Sindikatuak berretsi du bide bakarra dagoela: giza eskubideak eta herrien arteko bakea bermatuko dituzten alternatiba baketsuak negoziatzea.