ELAk Pablo Gonzalez kazetari bizkaitarraren askatasuna exijitzen du #FreePabloGonzalez

2022/03/08
Pablo González kazetaria otsailaren 28tik dago atxilotuta Polonian, familiarekin eta defentsarekin komunikatzerik izan gabe. Poloniako Gobernuak Errusiar Federazioko espioia izatea leporatzen dio. Atxiloketaren unean Gonzalez lanean ari zen Polonia eta Ukrainaren arteko mugan, errefuxiatuen etorrerraren berri ematen, freelance gisa, hainbat hedabidetarako.

ELAk Pablo González berehala askatzea eskatzen du, eta Polonia, Europar Batasuneko estatu kidea, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuna urratzen ari dela salatzen du. Atxiloketa gertatu eta astebetera, Gonzalezek ezin du komunikatu bere legezko defentsarekin, eta horrek bere eskubideen urraketa larria dakar.

ELA kide duen Kazetarien Nazioarteko Federazioak ere Pablo González askatzea eskatzen du, atxilotua izan zenean Europar Batasunean bere lanbidea betetzen ari zela azpimarratuz. Kazetari bat bere eginkizunetan modu irregularrean atxilotzea prentsa askatasunaren eta informaziorako eskubidearen aurkako eraso justifikaezina da, eta, beraz, ELAk Pablo González berehala askatzea eskatzen du.