ELAk Parisen parte hartu du austeritatearen aurkako eta soldaten eta berdinatasunaren aldeko mobilizazioan

2023/10/13
ELAk parte hartu du urriaren 13an Parisen austeritatearen aurka eta soldata eta pentsio hobeen eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alde deitutako euromanifestazioan.

 

Azken urtean, Europako herritarrek aurre egin behar izan dioten arazo nagusietako bat prezioen gorakada izan da, soldaten debaluazioarekin batera, langile klasearen pobretze-prozesuan beste pausu bat eragin duena. Enpresa handi gehienetan mozkinek gora egiten duten bitartean, Europako langileek erosteko ahalmena galtzen jarraitzen dute, eta horrek eragin larria izan du gehiengo sozial osoaren bizitzan. Egoera horrek sortzen duen ondoezaren ondorioz, grebak, protestak eta manifestazioak izan dira Europako hainbat lekutan.

Bestalde, gero eta bultzada handiagoa ematen ari zaio Europa austeritatera itzultzeko ahaleginari. Gastu-arauei buruz Europako Batzordeak egindako proposamenek mugatu egingo lukete guztion onerako neurriak hartzeko aukera.


Arazo partekatu hauen aurrean, eta erantzun bateratua emateko asmoz, Europako mugimendu sindikalak bi euromanifestazio deitu ditu, eta ELAk horietan parte hartuko du. Lehena Parisen eta bere lurraldeetan deitutakoa da, urriaren 13an, eta bigarrena abenduaren 13an Bruselan egingo dena.