ELAk parte hartu du CRIMT-ek Montrealen antolatutako jardunaldietan

2022/11/02
ELAk parte hartu du CRIMT-ek (Centre de recherche inter-universitaire sur la Mondialisation et le Travail) Montrealen antolatutako jardunaldietan. Duela bi hamarkadatik bi urtetik behin egin ohi den nazioarteko ekimen hau normaltasun osoz ospatu da berriro ere pandemiaren etenaldiaren ondoren, eta Amaia Muñoa eta Unai Oñederra izan dira bertan.

Hiru egunez 600 pertsona bildu dira (horietatik 300 bide telematikoz) eta 70 tailer, mahai-inguru eta osoko bilkuretan parte hartu dute. Mundu osoko ikertzaileek lanarekin zerikusia duten hainbat gairen inguruan egindako ikerketak eta emaitzak aurkeztu dituzte.

ELAk CSNrekin (Quebeceko Sindikatu Nazionalen Konfederazioa) batera parte hartzeko deia jaso du, bere erakundeetan transmisioa eta koadro sindikalen erreprodukzioa nola egiten den azaltzeko eta eztabaidatzeko. Gai hori ikertzen ari dira gure bi erakundeetan CRIMTko irakasle ikertzaileak (Dufour, Hege eta Émilien), eta funtsezkoa da erakunde sindikalok bizi dugun testuinguruan ditugun erronketarako.

Ez da lehen aldia CRIMT-ek ELAn gertatzen denaz interesa agertzen duena. Lehenago, sindikatu-berrikuntzak piztu zuen interesa, eta halako jardunaldietan aurkeztua izan zen, sindikatuen zeregina hausnartzeko ekarpen gisa.