ELAk Quebeceko Sindikatu Nazionalen Konfederazioaren 67. Kongresuan parte hartu du

2023/05/19
CSN, Quebeceko bigarren organizazio sindikala dena eta 330.000 afiliatu dituena, 2.000 ordezkari inguru bildu ditu aste honetan Montrealen bere 67. Kongresua egiteko. Aukeratutako leloa: Boterea, orain.

Sektore pribatuan zein publikoan izandako borroka eta garaipen sindikalek markatutako bi urteren ondoren etorri da Kongresua. Astean zehar grebei emandako ikusgarritasunari esker, kongresuaren babes eta elkartasun osoa helarazi zaie borrokan ari diren militanteei.

Quebeceko lan- eta gizarte-koiunturak honako ezaugarri hauek ditu, besteak beste: langileen eros ahalmenaren galera inflazio handiaren aurrean, lan-erritmoetan eta -baldintzetan ondorioak eskulan faltagatik edo klima-aldaketak enpleguan duen eraginagatik. Kongresuaren eztabaidak eta erabakiak CSNren ekintza prestatzera bideratuta daude, horri guztiari aurre egiteko; gauzak aldatzeko gai den botere sindikala handitzeko eta trantsizio ekologiko justu baterako papera jokatzeko.

Caroline Senneville aukeratu dute berriro Batzorde Eragileko presidente, 2026ra arte bigarren agintaldi bati helduko dioten hiru emakumez eta hiru gizonez osatutako taldearekin batera.