PALESTINA
ELAk su-eten erreala eskatu du eta boikota egitea Israeli

Sindikatuak gogorarazi du Palestinako herriaren aurkako indarkeria, erasoak eta apartheid estatua ez zirela 2023ko urriaren 7an hasi. “Israelgo Estatuak hamarkadak daramatza palestinarren giza eskubide oinarrizkoenak zein nazioarteko zuzenbidea urratzen, eta Palestinako lurraldearen zati gero eta handiago bat legez kanpo anexionatzen”, kexu da. Are gehiago, dio, Israelek hamarkadak daramatza okupatzen, kolonizatzen, lurrak konfiskatzen, palestinarren mugitzeko askatasuna murrizten eta eskubide zibil eta politikoak ukatzen. “Hori guztia apartheid erregimena da”, dio ELAk.
Horren adibide da Nazio Batuen Nazioarteko Justizia Auzitegiak adierazitakoa; hau da, Israelek lurralde palestinar okupatuetan (Zisjordania, Gaza eta Jerusalem ekialdea) egindako kontrolak "nazioarteko legeak urratzen" dituela. Bereziki, baliabide naturalen ustiapenaren eta kolonoen asentamendu-politikaren kasuan. Hagako Gortearen arabera, hori guztia "palestinarren autodeterminazioa eragozten duen anexio iraunkor baten parekoa da".
Era berean, Gorte horrek Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa eta Defentsa ministro ohia atxilotzeko agindua eman zuen duela hilabete batzuk, 2023ko urriaren 7tik aurrera egindako gerra eta gizateriaren aurkako krimenak aintzat hartuta.
Israelek 700 pertsona baino gehiago hil ditu egun gutxitan
Euskal Herriak etengabe eskatu dio nazioarteari Netanyahuri nazioarteko zuzenbidea betearazteko eta su-etena aldarrikatzeko. “Hala ere, herri palestinarraren aurkako genozidioak aurrera jarraitzen du, Estatu Batuen erabateko babesarekin eta Europar Batasunaren konplizitate isilarekin”, salatu du ELAk. Izan ere, su-eten hauskor eta aldi baterako bat lortu bazen ere, Israelek duela egun batzuk hautsi zuen 700 pertsona baino gehiago hilez legez kanpo okupatuta eta setiatuta dagoen Gazako Zerrendan.
Gazako egoera humanitarioa oso larria dela gogorarazi du sindikatuak. Geratzen diren ospitale bakanak gainezka daude, hornidura oinarrizkoenak ia agortuta daude laguntza blokeoaren ondorioz, eta biztanleek elikagai, erregai eta medikamentu eskasia larriari aurre egin behar diote. Israel ebakuazio-agindu berriak ematen ari da Gazako Zerrenda osoan. Erasoak ez dira Gazara mugatzen, Zisjordania osora zabaldu dira, baita Libano, Siria eta Yemenera ere.
“Israelek, AEBren laguntzarekin, areagotu egin zituen bere sarraskiak eta, aldi berean, nazioarteko zuzenbidea urratu zuen”.
Gauzak horrela, ELAk uste du “euskal langileriak ezin duela eta ez duela axolagabe egon behar Palestinako herriak bizi duen izugarrikeriaren aurrean”.
Herrien askatasuna, feminismoa, arrazismoaren aurka, internazionalismoa, ekologismoa eta oinarrizko eskubideen defentsarekiko konpromiso eta printzipioei leial, ELAk Israelgo Estatuak erabilitako indarkeria estruktural eta sistematikoa salatu du. Palestina bere elkartasuna adierazi dio eta honakoa aldarrikatu du:
- Israelen desblokeoa, Zerrendara beharrezko laguntza humanitarioa iritsi ahal izateko, eta baita hornidurak, elektrizitatea, erregaia eta abar.
- Israelekiko harreman orori boikota egitea, hau da, harreman instituzional, diplomatiko, militar, akademiko, komertzial edo ekonomiko oro haustea, nazioarteko zuzenbidea bete arte. Zehazki, ELAk eskatzen du EB-Israel lehentasunezko akordioa haustea, armen merkataritza amaitzea eta Israelgo talde diplomatikoa kanporatzea.
- Espainiako Estatuak eta euskal erakundeek bat egin behar dute nazioarteko genozidio-salaketekin, eta gizateriaren aurkako krimenak egiten dituztenak justiziaren aurrean ager daitezen jardun behar dute.
- Herri palestinarra aitortzea, bai eta kolonizazioa eta okupazioarekin amaitzea ere.