ELAk Sultana Jaya ekintzaile sahararraren egoera larria salatu du

2021/09/28
Sultana Jaya ekintzaile sahararra eta haren familia egoera larrian daudela salatu du ELAk; izan ere, Bojadoren, okupatutako Mendebaldeko Saharan, 300 egun baino gehiago iraun duen jazarpena eta setioa jasaten ari dira Marokoko Gobernuaren eskutik.

Sultana eta bere familia etxean giltzapetuta bizi dira, Marokoko okupazio indarrek inguratuta, eta ez diete bisitak jasotzeko edo etxetik ateratzeko aukerarik ematen. Sultana Jaya, gaur egun, okupatutako Mendebaldeko Saharan, Marokoren okupazioaren aurkako borroka zuzenean ageriko aurpegia da. Bera eta bere familia tratu txar fisiko eta psikologikoak jasaten ari dira, saharar herriaren autodeterminazioaren eta independentziaren aldeko aldarrikapen baketsuetan amore eman dezaten.


Marokoar erregimena gerra egoera eta pandemiaren ondorioz mugak ixtea aprobetxatzen ari da
okupatutako Mendebaldeko Saharako zibilen aurkako beldur eta errepresio giroa ezartzeko. Afrikan deskolonizatzeke dagoen azken kolonia, Espainiak administratzen jarraitzen du.


ELAtik gure elkartasun osoa helarazi nahi diegu Sultanari eta bere familiari, sahararren askatasunaren, duintasunaren eta autodeterminazioaren aldeko euren borroka ausartan. Gainera, Nazio Batuei, Europar Batasunari eta Espainiako Gobernuari premiaz jarduteko eta Sultana eta haren familia babesteko eskatzen die. Era berean, Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluari saharar herriaren autodeterminazio-erreferenduma bizkortzeko eskatzen dio, Nazio Batuen hainbat ebazpenetan adostutakoaren arabera.


ELAtik, berriz ere, Espainiako Gobernuari eskatzen zaio bete ditzala potentzia administratzaile gisa dituen erantzukizunak, eta, bereziki, Sultanaren eta haren familiaren babesa berma dezala eta Marokoko Gobernuari Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa errespeta dezala eska diezaiola.