ELAk Trade Unionist for a New and United Ireland plataformak antolatutako topaketan parte hartu du Belfasten

2023/10/26
ELAk Ostiral Santuko akordioen 25. urteurrenaren harira, Trade Unionist for a New and United Ireland (TUNUI) plataformak antolatutako “Uniting workers in peace and democracy” topaketan parte hartu du Eskozia, Irlanda, Euskal Herria, Katalunia, Valentzia, Galiza, Kortsika eta Bretainiako hainbat sindikaturekin batera. Irlandako batasunaren alde dauden sindikalistek antolatutako topaketan, justizia soziala Irlanda berri bati buruzko negoziazioetan zentrala izan behar duela nabarmendu zen.

Belfasten ospatutako Trade Unionist for a New and United Ireland (TUNUI) plataformak antolatutako bi eguneko topaketak uharte osoko sindikalisten parte-hartzea izan du nazioarteko ordezkaritzarekin batera, eta Konstituzioaren balizko aldaketen aurrerapenari buruz eztabaidatu zuten. Izan ere, 1998ko Ostiral Santuko bake-akordioak Ipar Irlanda eta Irlandako Errepublika bateratzeari buruzko erreferenduma egiteko aukera ezarri zuen, gehiengo sozial batek hala nahi izanez gero.


Mugimendu sindikal ofizialak Irlanda batuaren sustapena babesten ez badu ere, sindikalisten plataforma honen iritziz balizko aldaketa konstituzional batek berehalako aukera ematen du sindikatuek zerbitzu publikoetan inbertsio handiagoa, langileentzako eskubide gehiago eta Irlandako klima eta biodibertsitatea babesteko balio duen ekonomia sustatzeko. Sean McElhinney TUNUIko presidente eta Forsa sindikatuko zuzendariaren arabera, "aldaketa konstituzionalak aukera paregabea ematen du hau baino hobea den zerbait eraikitzen hasteko, eta justizia sozialaren garrantzia sustatu nahi dugu etorkizunari buruzko elkarrizketa bakoitzean".