ELAk Turkiako armadak herri kurduaren aurka egindako erasoak gaitzesten ditu

2022/12/05
ELAk azaroaren 20tik Rojavan, Kurdistango mendebaldean, posizio militar eta zibilen aurka areagotzen ari diren turkiarren bonbardaketak gaitzetsi ditu. Turkiako gobernua eskalada hau Istanbulen egin berri den atentatuaren errua indar kurduei egotziz justifikatzen saiatu da, nahiz eta kurduen askapenerako mugimenduak gaitzetsi egin duen herritar zibilen aurkako erasoa, eta ekintza horretan edozein erantzukizun baztertu duen. Turkiako armadak egindako bonbardaketek hogeita hamar bat hildako eta dozenaka zauritu eragin dituzte, eta herritarrentzako ezinbesteko azpiegiturak suntsitu dituzte.

ELAk Erdoganen gobernuaren politika kriminal hau gaitzesten du, nazioarteko zuzenbidearen eta zuzenbide humanitarioaren urraketa dena. Halaber, elkartasun osoa adierazten die erasotuak izaten ari diren herriei eta, oro har, komunikabideen eta nazioarteko komunitatearen isiltasun kolektiboaren erdian jazarpen sistematikoa jasaten ari den herri kurduari.