ELAk UGTSARIO sindikatu sahararraren bisita jaso du

2022/12/21
ELAk Saharako UGTSARIO (Unión General de Trabajadores de Saguia Al-Hamra y Río de Oro) sindikatuaren ordezkaritza baten bisita jaso du abenduaren 20an. Topaketak, bi erakundeen arteko harremana indartzeaz gain, langile sahararren egoera gogorrari buruz hitz egitea ahalbidetu du, baita bi erakundeen arteko lankidetza-konpromisoa berrestea ere.

UGTSARIOren ordezkaritza Salama al-Bachir idazkari nagusiak eta Mani Ahmed Saharako zentralaren Nazioarteko Harremanen arduradunak osatu dute. UGTSARIOko lagunen bisitari esker, saharar langileek kanpamentuetan, lurralde okupatuetan eta diasporan bizi duten egoerari buruz hitz egin ahal izan dugu. Marokorekin gatazka armatuaren gogortzea, Mendebaldeko Saharan Marokoren errepresioaren areagotzea eta sahararren aldarrikapenak bermatzen dituzten nazioarteko ebazpenak errespetatu beharra izan dira jorratutako gaietako batzuk.

Bi erakundeen arteko harremanak sendotzeaz gain, topaketak bi erakundeen arteko lankidetza-konpromisoa berresteko aukera eman du, baita ELAk Saharako kausa legitimoa defendatzeko hartutako konpromisoa berresteko ere.