ELAk UITAren 28. kongresuan parte hartu du

Bertan 550 delegatuk hartu dute parte. Gaur egun, 121 herrialdetan afiliatutako 346 erakundek osatzen dute UITA, eta guztira 12 milioi langile baino gehiago ordezkatzen dituzte mundu osoan.
Sindikatuko idazkari nagusi gisa Sue Longley eta lehendakari gisa Mark Lauritsen proposatu dira berriz ere. Kongresuan eskubide sindikalak, berdintasuna, justizia klimatikoa eta bakea, demokrazia eta giza eskubideak jorratu dira.
Azpimarratzekoa da transnazionalen barruan emakume langileen sareak sortzeko egiten ari diren lana. UITAren nazioarteko bileretan emakume sindikalista gehiagoren partehartzea sustatzeko ari dira lanean. UITAren ia proiektu guztien helburua emakume gehiago biltzea da eta haien gaitasuna garatzea, proiektuen gidaritzan eta baita negoziazio kolektiboaren gidaritzan ere.
Kongresuko bigarren egunean, 14an, greba feminista deituta egon da eta arratsaldean manifestazioa egin da Geneveko kaleetan. Manifestazio oso jendetsua, kolore eta aldarrikapen askokoa izan da.
Kongresu osoan zehar emakumeen berdintasunaren aldeko aldarrikapen asko entzun dira, bai soldata arrakalak desagertzeko, bai lan osasunean, bai negoziazio kolektiboan etab. Horretarako zuzendaritza postuetan, erabakiak hartzen diren tokietan, emakumeen parte hartzearen aldarrikapena ia hitzaldi guztietan azpimarratu da.
Kongresuko beste aldarrikapen garrantzitsua gazteen parte hartzearen aldekoa izan da. Gazteen indarra eta ideia berrien beharra garrantzitsua da gero eta arinago aldatzen ari den mundu batean. Teknologia berrien hedapena eta langile guztiengana heltzeko beharrak uztartzen antolakuntzan pausu garrantzitsuak emanez. Beste erakunde sozialekin elkarlana ere oso puntu garrantsitzua izan da gazteen aldarrikapenetan, “antolatu, hazi edo hil” lelopean.
Apunte berezia izan du haurren lanaren kontrako ebazpena. Azken urteetan zehar aurrerapausu garrantzitsuak egin diren arren, oraindik lan handia dago egiteke.
Eta azkenik, baina ez garrantzi gutxiagokoa, LGTBIQ+ langileen eskubideen aldeko aldarrikapen indartsuak egin dira. Pairatzen dituzten diskriminazio eta jasarpen egoerak gehitu egin dira eskuin-muturreko alderdiak indarra hartzen ari diren herrialdeetan. Sindikatuen formakuntza programan landu behar den gai bat dela aldarrikatu dute eta urgentea dela.
Aipamen berezia egin da ere basamortuetan eta itsasoetan bizia galdu duten migratzaileentzat, kongresuko bigarren egunean Greziako hegoaldetik gertu gertatutako hondoratzea gogoratuz.