ELAren elkartasuna Lula eta herri brasildarrarekin

2018/07/12
ELAk beste behin bere elkartasuna adierazi dio Lula Presidente ohiari, Brasilgo langile klaseari eta Brasilgo herriari Lula hauteskundeetan aurkeztu ez dadin eta Temerren gobernu ez-legitimoak Estatuaren kontrola mantendu dezan Brasilen ematen ari diren azkenengo gertaerengatik

Uztailak 8ko igandean Rogério Favretto epaileak PT alderdiko hiru diputatuk Lularentzat eskatutako habeas corpusa onartu zuen eta bere askapena agindu zuen. Epaileak, preso egotean, Brasilgo lehendakaritzarako urriko hauteskundeetan aurkezteko Lularen eskubidea urratzen ari zela baloratu zuen.

Dena den, Sérgio Moro, Lularen kartzela zigorra ezarri zuen epaileak, publikoki erabaki honen aurka agertu zen eta poliziari Lula ez askatzeko eskatu zion.

Lula bahituta mantentzea, Rogério Favretto epaileak agindutako berehalako askatasun-agindua ez betez, Brasilgo demokraziari eta zuzenbidezko estatuari erasoa da. Onartezina da Lula bidegabe preso mantentzea eta herri brasildarrari bere lehendakaria askatasunez hautatzeko aukera ukatzea.