Argentina

Elkartasuna Argentinako Martxa Antifaxista eta Antiarrazistekin

2025/01/31
ELAk elkartasuna adierazi die Argentinako CTA Autónoma eta CTA de los trabajadores sindikatuei, Davosko goi-bileran Mileik emandako gorroto-diskurtsoaren ondorioz, otsailaren 1ean Argentinan egingo diren Martxa Antifaxista eta Antiarrazistei begira. Era berean, gogor gaitzetsi ditu emakume, migratzaile eta LGBTIQ+ kolektiboko pertsonen aurkako gorrotoa, jazarpena eta erasoak legitimatzen dituzten adierazpen arbuiagarriak.

Intolerantzia, indarkeria eta diskriminazioa normalizatzen eta sustatzen dituen diskurtso arriskutsuaz gain, Mileiren Gobernuak aditzera eman du azken hamarkadetan genero-indarkeriaren aurkako babes-neurriak edo diskriminazio positiboko neurriak jaso zituzten legeetan atzera egiteko lanean ari dela.

Mileiren Gobernuak politika ultraliberalen, murrizketen, kaleratzeen eta pribatizazioen bidez ezohiko abiaduran eta modu krudelean ezartzen dituen neurri bortitzei aurre egiten ari zaio Argentinako langileria. Era berean, Argentinan giza eskubideen inguruko hamarkadetako politikak desarmatzen saiatzen ari da.

Eta gauza bera nahi du, Davosen hitzaldian adierazi zuen bezala, "mendebalde" osorako. Eskuin muturraren gorakada arrisku globala da, eta Milei bezalako pertsonaiak mehatxu bat dira gehiengo handien eskubide kolektiboentzat eta mehatxatutako gutxiengoentzat mundu osoan.

Mehatxu global horren aurrean, nazioarteko elkartasuna inoiz baino garrantzitsuagoa da eraso erreakzionarioa gelditzeko eta gizarte inklusibo eta bidezkoak eraikitzeko. Horregatik, ELAk bere elkartasun eta indar guztia helarazi nahi izan du otsailaren 1erako. Era berean, Argentinako herria hilaren 1ean kaleak hartzera animatu du, Gobernu honek balio demokratikoei egiten dien eraso eta gorrotoaren aurka.

«La vida está en riesgo ¡Basta! Al clóset no volvemos nunca más»