Espainiako Senatuak CETA berretsi du

CETAk europar herrialde guztien onespena jasotzeko oraindik bide luzea egin behar du, izan ere, estatu bakoitzeko parlamentuak bozkatu behar baitu formalki onar dadin. Orain arte, Espainiaz gainera, honako estatuek onartu dute: Estonia, Letonia, Malta, Errepublika Txekiarra, Danimarka eta Portugal. Halere, CETA irailaren 21etik hona aplikatzen ari dira, behin-behinean bada ere, nahiz eta EBko Justizia Auzitegiak epai bat eman behar duen ebazteko itun hau europar zuzenbidearekin bat ote datorren.
Funtsezkoa da herritarrek jakitea CETA ez dela unean-uneko egitate bat; aitzitik, EBren ibilbide neoliberalean beste urrats bat da: Betiere enpresa handien eta inbertitzaileen interesak eta etekinak gailentzen dira, eskubide sozial, laboral, kultural eta ekologikoen kaltetan. EB era honetako itunak ari da negoziatzen Mercosur, Japonia, ASEANeko herrialde, Australia, Zelanda Berria, Afrikako hainbat estatu, Karibe Foroko herrialde eta Pazifikoko herrialdeekin; Mexiko eta Tunisiarekiko akordioak ere berrikusten ari da. Gainera, ezin ahaztu TTIParekin zer gertatuko den, ezta TISArekin ere (hau OCDEko 50 herrialde ari dira lantzen, eta arriskuan jarriko ditu zerbitzu publikoak).
Horren aurka, nabarmendu beharra dago hainbat alternatiba ari dela prestatzen, transnazionalen inpunitateari aurre egiteko, esaterako Herrien Nazioarteko Ituna.