Europar Parlamentuak multinazionalei botere gehiago ematen die

2018/12/13
Euroganberak EBren merkataritza akordiorik garrantzitsuena onartu zuen abenduaren 12an Estatu kideen parlamentu nazionaletatik pasatu gabe. Munduko laugarren ekonomiarik handiena eta EBaren Asian bigarren kide komertziala den Japoniarekin sinatu den akordio honek multinazionalek duten boterea handitzen du: gobernuetan eta etekinak lehenesten duten legegintzan eragiteko.

474 boto alde, 152 aurka eta 40 abstentzio jaso zituen atzo JEFTAk. EBko Kontseiluak datorren abenduaren 21ean bere behin betiko aprobazioa ematen badio, akordioa otsailean jarriko da indarrean.

Japoniarekin barrera komertzialak kenduko dituen eduki neoliberaleko akordio hau ia bost urtetan zehar negoziatu da gardentasunik gabe eta sekretuan, interes-taldeak kontsultatu gabe eta akordioaren onurak eta mehatxuak neurtzen dituen balorazio txostenik egin gabe.

Akordioaren opakutasunaz eta herritarren parte-hartze ezaz gain, JEFTAk kezkagarriak diren beste hainbat alde ditu:

Multinazionalen boterearen hazkundea

JEFTAk kooperazio araugileari buruzko kapitulua dauka barne. Honek enpresei parlamentuetan eztabaidatu baino lehen legeetan eragiteko ahalmena ematen die. Hau, aurrekaririk gabeko demokraziaren eta gehiengo sozialen aurkako boterea da.

Zerbitzu publikoen pribatizazioa

Zerbitzu publikoek liberalizazio eta pribatizazio handiagoa jasango dute. Akordioak zerbitzuen pribatizaziorako “lista negatiboen” ikuspegia dauka: akordioan izendatzen ez den edozein zerbitzu pribatizatu daiteke. Ura edo garraio publikoa bezain oinarrizkoak iruditzen zaizkigun zerbitzu asko ez daude listan.

Lan baldintzak

Japoniak oraindik ez dituela berretsi OITaren oinarrizko lan hitzarmen batzuk: derrigorrezko lanaren inguruko 105. hitzarmena eta lanean diskriminazioaren inguruko 111. hitzarmena. Enpresa japoniarrek beraien langileak Europara ekartzen badituzte, legedi japoniarra aplikatuko zaie eta ez europarra. Honek nolabaiteko dumpinga eragin dezake, langile europarrak baldintza txarragoak onartzera bultzatuz.

Ingurumen-inpaktua

JEFTAk ingurumen krisi globala areagotuko du kimiko toxikoek sortutako kutsaduraren aurreko babesa murriztuz. Gainera, nekazaritza industria sostengaezina bermatuko du eta baleen ehiza baimenduko du. Beste aldetik, emisio kutsakorrak biderkatuko dira distantzia handira produktuen elkartrukeak bermatzean.

Datuen eta inbertsioen babesa

JEFTAk mugez bestaldeko datuen zirkulazio librearen inguruko konpromisoak ditu. Honek datu pertsonalen babeserako eskubidea arriskuan jartzen du. Beste alde batetik, finantza-zerbitzuen inguruko kapituluak finantza-espekulazioaren aurka egiteko eta banku-sistemaren erreforma egiteko aukerak murrizten ditu. Hau oztopo bat da finantza-sistema erregulatzeko neurriak aurrera eramateko.

Zerbitzu publikoak, osasun publikoa, giza eta lan eskubideak, ingurumena, eta arautzeko gobernu eta parlamentuen ahalmen demokratikoa murrizten duen akordio baten aurrean aurkitzen gara berriro. JEFTAk merkataritza librea bermatzen du giza garapenaren eta planetaren mugen gainetik. ELAk EBk bere merkataritza-politika zuzendu egin behar duela aldarrikatzen du eta pertsonak eta planeta multinazionalen gainetik jarri behar dituela.