Ez gerra honi, ezta inolako gerrari ere

2022/02/25
ELAk dei egiten du eskalada militarra geldiarazteko eta liskarrak berehala eteteko, eta baita Ukrainan kanpoko esku-sartze guztiei amaiera emateko ere.

NATOren buru diren herrialdeek eta Errusiak erretorika belizista areagotu ondoren, azken horrek eraso militarra egin zuen otsailaren 24an Ukrainaren aurka. ELAk gaitzetsi egiten du eraso militar hori, eta gure elkartasun osoa adierazten diegu gatazkaren biktimei eta une honetan beren bizitzengatik beldur diren herritar zibilei. Era berean, elkartasuna adierazten diegu Errusian gerraren aurka agertzeagatik atxilotu dituzten pertsonei.

Herriak dira beti gerren ondorioak jasaten dituztenak. Kasu honetan ere biztanleria zibila da gatazkaren biktima. Gatazka horren jatorrian, besteak beste, inplikatutako alde guztien interes geoestrategikoak eta, gerra guztietan bezala, interes ekonomikoak biltzen dira.

ELAk dei egiten du eskalada militarra geldiarazteko eta liskarrak berehala eteteko, eta baita Ukrainan kanpoko esku-sartze guztiei amaiera emateko ere. Gatazkan parte hartzen duten eragile guztiek berehala geldiarazi behar dituzte erasoak eta erantzun armatu posibleak, eta benetako elkarrizketa-prozesu bati ekin behar diote, herriaren borondatea errespetatuko duen konponbide baketsu eta iraunkorra aurkitzeko.

Bakea eraiki eta sendotzeko, borondatea eta elkarrizketa behar dira. Ildo horretan, Errusiaren aurka iragarritako zigor ekonomikoek gizarte zibilaren sufrimendua areagotuko dute soilik, eta pobreziaren eta desberdintasunen aurrean pertsonen zaurgarritasuna areagotuko dute.

Ukrainako gerra gelditu behar da, baita munduko beste leku batzuetan, hala nola Yemenen, Sirian, Etiopian, Mendebaldeko Saharan edo Palestinan, gertatzen ari diren gatazka ahaztuak ere. Gizateriak aurre egin beharko lieke itxoiterik ez daukaten zibilizazio-erronka handiei, hala nola aldaketa klimatikoari eta horren ondorio hondatzaileei, gerra bezalako zerbait suntsitzailean zentratu beharrean.

Ez gerrei, eta bai giza eskubideak eta herrien arteko bakea bermatuko dituzten alternatiba baketsuak negoziatzeari.