Ez TTIPari atzeko atetik: osasuna, ingurumena eta klima ez dira negoziagarriak

2020/02/21
ELAtik, gizarte zibileko 100 erakunde baino gehiagorekin batera, Amerikako Estatu Batuekin (AEB) merkataritza-elkarrizketak gelditzeko eskatzen dugu. Akordioak arriskuan jarriko lituzke Europar Batasunak (EB) osasunari eta ingurumenari buruz dituen arauak, eta krisi klimatikoa larriagotuko luke.

Merkataritza-akordio berri bati buruzko Europako Batzordearen eta AEBetako agintarien arteko elkarrizketa berriak jarraitu ditugu, sinesgabetasunez eta desilusioz beterik. Argi geratu da Europar Batzordea prest dagoela Trumpek EBko elikagaien segurtasun mailak murrizteko egindako eskaerak asetzeko, osasun publikoaren, animalien ongizatearen eta ingurumenaren kaltetan, eta baita EBk klima aldaketaren inguruan hartutako konpromisoak ahulduz.

 

Estatu Batuetako presidenteak Europako autogileei muga-zerga altuak ezartzeko mehatxuei beldurra ezin da aitzakia izan interes publikoaren kontra amore emateko. Ateak itxita egin diren elkarrizketen ondorengo Europar Batzordearen paradigma-aldaketa oso kezkagarria da. EBko gobernuei eta parlamentuei dei egiten diegu Europar Batzordeari presioa egin diezaion bere ibilbidea alda dezan. Argi utzi behar zaio AEBetako Administrazioari gure osasun publikoaren eta ingurumenaren babesaren mailak ez daudela salgai.

 

Estandarrak jaisteko AEBen negoziazio komertzialek EBren gainean egiten duten presioa ez da ezer berria. Ameriketako Estatu Batuetako Nekazaritza idazkariak berriki adierazi zuen edozein akordio EBren kontzesioen menpe egongo zela, haragia azido edo kloroarekin garbitu ahal izateko, edo hormonekin tratatu ahal izateko, elikagai eta pentsuetan pestizida hondakinak baimentzeko, edo genetikoki eraldatutako organismoak babesteko arauak desegiteko.

 

Berria dena EBren erantzuna da. Aldez aurretik AEBekin merkataritza libreko akordio integral bat (TTIP) negoziatu zenean, Europar Batzordeak adierazi zuen ez zituela estandarrak murriztuko. Baina Phil Hogan Merkataritza ordezkariak egungo elkarrizketei buruz egin berri dituen adierazpenek bestelako ikuspegia erakusten dute. "Nekazaritzan dauden oztopo erregulatzaileen zerrenda luzea" aipatu du, akordio batean "konpon" daitezkeenak.

 

"Oztopo arautzaile" horiek arrazoi onengatik existitzen dira: gure osasuna eta ingurumena babesteagatik. Gure ustez, Europar Batzordea "Europako Akordio Berdearen" helburuak arriskuan jartzen ari da. Estrategia integral honek AEBen jomugan dauden hainbat elementu biltzen ditu. Esaterako, estrategiaren arabera, EBk lan egin behar du "pestizida kimikoen erabilera eta arriskua nabarmen murrizteko". Hala ere, badirudi Batzordea orain prest dagoela nekazaritza mota kutsakorrenari laguntza emateko. Gainera, Batzordearen helburua EBtik ingurumenerako nabarmen kaltegarriak diren automobilak esportatzea babesten saiatzea denez, badirudi Europako Akordio Berdeak nekazaritzarako eta merkataritzarako ikuspegi ekologikoagoa lortzeko emandako hitza Batzordearen asmoetatik urrun dagoela.

 

Aurrekoaren argitan, dei egiten diegu Europar Batasuneko gobernuei eta legebiltzarkideei lan-eskubideen babesari eta ingurumenari, gardentasunari eta gizarte zibilaren parte-hartzeari buruzko gure kezkak errespetatuko direla berma dezaten. Gure ordezkari hautetsiek AEBekin gaur egun dauden merkataritza-elkarrizketak berrikusteko eskaera egin behar dute. EBk argi eta garbi utzi behar dio AEBetako Administrazioari gure osasun publikoaren mailak eta ingurumenaren babesa ez daudela salgai, ez garela mehatxuen menpe egongo, eta politika komertzialak pertsonak, ingurumena eta klima lehenetsi behar dituela.

 

Erakunde sinatzaileen zerrenda