FIPren urteko txostena: Mexiko munduko herrialderik arriskutsuena da oraindik kazetarientzat

2019ko abenduaren 31n, FIPek lanean ari zirela hildako komunikabideetako langileen zerrenda argitaratu zuen. 2019an 49 kazetari hil zituzten, horietako hiru emakumeak ziren. Aurreko urteetan izandako heriotzen erdiak dira.
Txostenean eskualde mailako kazetarien egoera aztertzen da, eta zerrendan jasotako 49 heriotzen nondik norakoak zehazten dira. Latinoamerika da heriotza gehien dituen eskualdea (19), ondoren Asia eta Ozeano Barea (12) eta Afrika (9), Ekialde Ertaina eta mundu arabiarra (8) eta Europa (2).
Datu horiek funtsezko bi ondorio ematen dituzte. Lehena, mehatxuak, jazarpenak, espetxeratzeak eta kazetarien hilketak ez direla soilik gerran dauden herrialdeetan edo gatazka guneetan gertatzen. Bigarrena, eraso horien biktimak, gehienbat, tokiko kazetariak direla, botere gehiegikeriak, ustelkeria eta krimen antolatuaren inguruan ikertu eta informatzeagatik mehatxatutaak direnak.
Latinoamerikaren eta Karibearen kasuan, kazetarien eta komunikabideetako langileen aurkako etengabeko indarkeriak markatu zuen 2019a, eta 18 heriotza baieztatu ziren, hau da, mundu osoko heriotza guztien % 37a. Kazetarien hilketak gertatu ziren Brasilen (2), Kolonbian (1), Haitin (2), Hondurasen (3) eta Mexikon (10).
Mexiko, beraz, oraindik ere eskualdeko eta munduko herrialderik arriskutsuena da kazetaritzan aritzeko. Lanbidea, neurri handi batean, krimen antolatuaren kartelek eta indarkeria eragotzi eta hiltzaileekin justizia egin ezin duen botere politiko baten ahuleziak mehatxatzen dute. Hori datozen urteetarako dauden beldurrei gehitu behar zaie. Mexikoko agintariek ikertu eta ebatzi gabe jarraitzen duten kazetarien hilketen dozenaka kasuak ere kezkagarriak dira.
Bestalde, Asia eta Ozeano Barea eskualdeek beherakada handia izan dute heriotzen kopuruan, 2018an 32 izatetik 2019an 12 izatera igaro baitira. FIPek kazetarien hilketak erregistratu ditu Afganistanen (5), Indian (1), Pakistanen (4) eta Filipinetan (2). Hala ere, kazetarien aurkako indarkeriak sistematikoa izaten jarraitzen du, prentsari mehatxu etengabeak eginez, poliziaren erantzunik gabe, ikerketa faltarekin eta erasoen zigorgabetasunarekin. Indarkeria giro horrek eskualdeko kazetarien artean segurtasun ezaren sentsazioa elikatzen laguntzen du.
8 kazetariri tiroz eraso zitzaien zuzenean. Hori izan zen Mirza Waseem Baig Pakistango Punjab eskualdeko kazetari baten kasua; hiru pistoladunek tirokatu zuten haren etxeko atean.
Afrikako egoera oso antzekoa da, 2019an bederatzi kazetari hil baitzituzten: Kongoko Errepublika Demokratikoan (1), Ghanan (1), Nigerian (1), Txaden (1), Somalian (3), Libian (1) eta Zambian (1). Somalia berriz ere lanbidearentzat kontinenteko herrialde arriskutsuena da, Al-Shabaabeko militante islamistek lehergailuekin egindako atentatu batean hildako bi kazetarirekin eta Shabelle eskualdean base militar bati egindako eraso batean hildako hirugarren batekin.
Bestalde, Ekialde Hurbilean eta mundu arabiarrean hilketen kopuruak behera egin du bigarren urtez jarraian: 2018an 20 heriotza izan ziren, eta 2017an 25; 2019an, berriz, 8. FIPek hilketak erregistratu ditu Iraken (1), Sirian (5) eta Yemenen (2). Eskualde honetan hilketak murriztu diren arren, egoera kritikoa izaten jarraitzen du, milaka kazetarik beren herrialdetik ihes egin behar izan baitute euren erreportaje eta kazetaritza lanen ondorioz.
Europan, bi kazetari hil zituzten 2019an: Lyra McKee, Derryn, Ipar Irlandan, eta Vadym Komarov, Ukrainako Cherkassy erdialdean, oraindik identifikatu gabeko erasotzaile talde batek eraila. Bestalde, Kazetarien Babeserako eta Segurtasunerako Europako Kontseiluaren Plataformak (FIP ohiko kide eta laguntzaile da) 38 zigorgabetasun-kasu erregistratu zituen Europan 2019an, tartean 14 kazetari serbiar, kosovoar eta albaniarren hilketa eta desagerpenak.
1990ean FIPen hilketen zerrendaren lehen txostena kaleratu zenetik, 2.530 kazetariren hilketak jaso ditu federazioak.
FIP erakundeak kazetarien aurkako krimenen zigorgabetasuna amaitzeko borrokan jarraitzen du, gobernuek konpondu gabe jarraitzen duten kasu guztiengatik beren erantzukizuna har dezatela exijituz eta Kazetarien Babeserako eta Segurtasunerako Nazioarteko Konbentzio bat lortzeko bere kanpainarekin jarraituz.