Gobernu autoritario eta muturreko eskuinekoen gorakada munduan aztergai #IndarBetean
Nazioarteko Mintegian mundu osoan zehar eskuin muturreko gobernu autoritarioak izaten ari diren gorakada aztertuko da. Bi izango dira jasoko diren lekukotzak. Batetik Rafael Freire brasildarra egongo da. Freire CUT sindikatuaren kide da, eta egun Ameriketako Langileen Konfederazio Sindikaleko idazkari nagusia da. Berarekin batera Yusuf Senol mintzatuko da, Turkiako zerbitzu publikoetako langileen sindikatu progresistako nazioarteko harremanen arduraduna. Moderatzailea Laura Gonzalez de Txabarri izango da, ELAren nazioarteko harremanen arduraduna.
Freire eta Senol lehen eskutik sufritzen ari dira muturreko eskuineko gobernu autoritarioen agindupean bizitzearen ondorioak. Izan ere, Bolsonaro (Brasil) eta Erdoganen (Turkia) gobernuak bortizki erasotzen ari dira eskubide politiko eta sozialak; langile klasea eta sindikatuak ez daude eraso horietatik salbu.