Venezuela

Hegoak Plataformaren adierazpena Ameriketako Estatu Batuek Venezuela eta Latinoamerika nahiz Karibe osoaren aurka egindako erasoaren inguruan

2025/12/17
Hegoak Plataformaren adierazpena Ameriketako Estatu Batuek Venezuela eta Latinoamerika nahiz Karibe osoaren aurka egindako erasoaren inguruan
Euskal Herriko HEGOAK Plataformatik azken hilabeteetan Estatu Batuetako gobernuak Latinoamerikako eta Karibeko hainbat herrialderen aurka, eta bereziki Venezuelaren aurka, abiarazi duen mehatxu eta erasoen eskalada salatu egiten dugu.

Donald Trumpek 2025eko urtarrilaren 20an kargua hartu zuenetik, munduko herrien aurkako estrategia neokolonial baten ezarpena bizitzen ari gara; estrategia hori esku-hartzeetan, mehatxuetan, xantaian eta erasoetan oinarritzen da, bereziki Palestinan, Latinoamerikan eta Karibean eragin handia izanik.

Marko hori AEBetako administrazioa osatzen duten multinazionalen interesei lotuta dago; multinazional horiek menpekotasun ekonomikorako estrategia oldarkor batekin, presio politikoekin eta indar militarraren erabileraren mehatxuarekin konprometituta daude. Latinoamerikan eta Karibean gertatzen ari den bilakaera bereziki arriskutsua da. Monroe Doktrinaren eguneratzeak, diskurtso belizista kezkagarri batez lagunduta, erasoa eta xantaia normalizatu nahi ditu Washingtonen eta kontinentearen arteko harreman modu bakar gisa.

Gaur egun, ustezko “narkoterrorismoaren aurkako borrokaren” aitzakiak Kolonbian eta Venezuelan zuzeneko esku-hartzeak justifikatzeko alde bakarreko gerra-adierazpen bat besterik ez du ezkutatzen. Herrialde horretan egoera bereziki larria da. Mehatxuak indarkeria izatera iritsi dira, Venezuelarekin mugakide diren itsas eremuetan egindako probokazioekin, aire-espazioa alde bakarrez ixteko asmoekin eta itsas pirateriako ekintzekin, hala nola nazioarteko uretan petrolio venezuelarra zeraman petrolio-ontzi baten bahiketarekin.

Kolonbia eta haren gobernua ere mehatxatu eta erasotu dituzte AEBetako belizismoaren aurka ahotsa altxatzeagatik, bere presidenteari “hurrengoa” izango dela espresuki adieraziz. Mexiko ere mehatxatua izan da. Ustezko narkoterrorismoaren aurkako gerra honek dagoeneko 20 eraso baino gehiago eragin ditu ontzien aurka. Karibean eta Pazifikoan 80 exekuzio estrajudizial baino gehiago eragin ditu eta horrek tentsio egoera berria sortu du, eskualdeko bakea, lasaitasuna eta oreka politikoa arriskuan jarriz.

AEBetako dinamika interbentzionistak kontinenteko beste eremu batzuetan ere hedatzen jarraitzen du. Argentinan, Hondurasen eta Txilen egin berri diren hauteskundeetan agerian geratu da nola beldurraren politikaren bidez, Donald Trumpek bi herrialdeetako hauteskundeen emaitzetan esku hartu duen, barne-gaietan ez esku hartzeko printzipioa urratuz. Iragarpen eta mehatxu zuzenen bidez, herrialde horien ezegonkortasun ekonomikoa sustatu du, “herritarrak ondo bozkatzen ez badu” ondorioak izango zirela mehatxatuz. Era berean, zuzenean esku hartu zuen Brasilen, Bolsonaro presidente ohia epaitzeko prozesuan botere judizial brasildarra mehatxatu eta ataka larrian jarriz. Ezin dugu ahaztu, halaber, Kubaren aurka ezarri duten zigor berria, herri oso bat itotzen saiatu nahi duen bloke kriminala are gehiago indartzea helburu duena, amore ematen ez duen herri baten aurka.

Gertakari horien guztien aurrean, Euskal Herritik ohartarazi nahi dugu Trumpen gobernuaren esku-hartze eta belizismoaren eskalada honek ekar ditzakeen ondorio larriez, eta salatu nahi dugu Monroe Doktrinaren aplikazioa, kontinenteko herrialdeetan aukera politiko jakin batzuk sustatzeko estrategia interbentzionista argia baita; horiek ez dute inolako arazorik beren subiranotasuna eta baliabide naturalak Estatu Batuetako botere ekonomikoaren interesei emateko.

Era berean, Venezuelako herriarekin elkartasuna adierazi nahi dugu, eta haien autodeterminazioa, instituzioak, subiranotasuna eta lurralde-osotasuna errespetatzeko eskatzen dugu. Herrialdearen aurkako eraso militarrek mehatxu larria dakarte latinoamerikako eta mundu mailako bakearen eta egonkortasunaren eraikuntzan; horregatik, Estatu Batuetako gobernuari exijitzen diogu amaiera eman diezaiola munduan —bereziki Palestinan, Latinoamerikan eta Karibean— darabilen esku-hartze, mehatxu eta erasoen nekropolitikari.

Horregatik guztiagatik, dei egiten diegu Euskal Herriko indar politiko, sindikal eta sozial guztiei aktiboki bat egin dezaten Trumpen gobernuak eta botere korporatiboak munduko herrien aurka ezarritako xantaia politiko, militar eta ekonomikoaren aurkako salaketarekin.

2025EKO ABENDUA

ALTERNATIBA – BRICS/PSUV EUSKAL HERRIA – CCOO EUSKADI – EH BILDU – ELA – EUSKADI-KUBA – EZKERRA BERDEAK – EZKER ANITZA/IU – FREYTTER ELKARTEA – LAB – LUMALTIK HERRIAK – MARTIN ETXEA ELKARTEA – MUNDUBAT – PAZ Y SOLIDARIDAD EUSKADI – PCE/EPK