ISDS gatazkak konpontzeko prozedura berraztertzeko eskaerarekin bat egin du ELAk

2018/11/05
300 gizarte-antolakundek baino gehiagok eta hainbat sindikatuk, besteak beste ELAk, eskari-gutun bat plazaratu diete gobernuei, alegia, urria amaieran Vienan Nazio Batuetako bileretan parte hartu duten gobernuei. Gutun horren bidez Inbertsiogileen eta Estatuen arteko gatazkak konpontzeko prozedura polemikoa (ISDS ingelesezko sigletan) goitik behera berraztertzeko eskatzen zaie; merkataritzaren eta inbertsioen nazioarteko itun asko prozedura horri atxikita baitaude.

Gutun horren erakunde sinatzaileok ISDS sistemari funtsezko erreforma egitera dei egiten dugu. Izan ere, ISDSk "eskumena ematen die korporazio multinazionalei, aberats okituei eta inbertsiogileei gobernuen aurkako demandak jartzeko, estatuetako sistema judizialetatik kanpo, diru-kopuru mugagabeengatik, eragindako galerak edo etorkizunean galdu daitezkeen etekinak direla-eta. Eraso horren xedeak askotarikoak izan daitezke: estatuetako lege-mota ugariak, epai judizialak, gobernuen erregulazioak eta bestelako ekintzak, eta baita herri-onura helburu izan dezaketen politika antidiskriminatzaileak ere".

Urtero aurkezten diren ISDS kasuak hainbeste ugaldu direnez, eta korporazioek, ingurumen-, osasun- eta interes publikoko lege-sorta ugariren aurka egitearen ondorioz, milaka milioi dolar irabazi dutela ikusita, Hegoafrikako eta Indonesiako gobernuek ISDS duten itun asko denuntziatu dituzte. Areago, Estatu Batuetako, Mexikoko eta Kanadako gobernuek ISDS sistema baztertu dute Ipar Amerikako Merkataritza Askeko Itun berritik.

ISDSren kontrako protestak hainbat urtetan egin ondoren, CNUDMIk lantalde bat eratu zuen, ISDSren erreformaren beharraz eztabaidatzeko. Baina aipatutako gutuna sinatu dugun eragileok beldur gara ISDS iraunarazi nahi dutenek ez ote duten eztabaida hori bahituko, eta xehetasun txikietarako neurrien bidez ez ote dituzten funtsezko status quo eta benetako akatsak salbatuko.

Erakunde sinatzaileon iritziz "CNUDMIko gobernuen funtsezko eztabaida, ISDS sistemaren xehetasun txikietako doikuntzaren ingurukoa izan beharrean, inbertsio-itunen oraingo sistema erabat eta betiko ezabatzea izan beharko zen. Halatan, CNUDMIk ikuspegi onuragarriagoa izango luke, bere arreta inbertsio-itunen araubidearen egitura-arazoetan jarriko balu, eta indarrean dauden itunen amaiera edo ordezteari buruzko eztabaida bideratuko balu".

Europako Batasuna ere saiatu da hainbatetan "Alderdi Askotariko Inbertsio Auzitegia" konponbide gisa erakusten; eta guk uko egiten diogu berariaz saiakera horri, zeren EBaren proposamen horrek "ISDSren funtsezko akats gehienak konpontzeko baino, eta inbertsio-itunen oraingo araubidea onbideratzeko baino, ISDSren akatsik kaltegarrienak beren horretan uzteko pentsaturik dagoela ematen baitu".