JEFTA: EBaren historiako merkataritza akordio handienaren arriskuak

2018/07/19
EBak uztailak 17an bere merkataritza akordio handiena (JEFTA) sinatu du Japoniarekin. Akordioa 2019an, Parlamentu japoniarrak eta Parlamentu europarrak aprobatu ondoren, martxan jarriko da. Aldaketa klimatikoa gelditzeko esfortzuak bermatu beharrean emisio kutsakorrak biderkatuko dira distantzia handira produktuen elkartrukeak bermatzean.

JEFTA ez da EBko Estatu kideen parlamentu nazionaletatik pasatuko, CETAk 2016an eragindako protesta publikoak saihesteko. ISDSa, inbertitzaile eta estatuen arteko gatazkak konpontzeko sistema, Komisio Europarrak orain ICS (Investment Court System) deitzen duena, paraleloki eta aparte negoziatzen ari da akordioa EBren konpetentzia bakarrik izan dadin eta berrespen nazionala ekiditeko.

EEBBekin merkataritza libreko hitzarmena (TTIP famatua) momentuz baztertuta dagoen bitartean eta Kanadarekin akordioa (CETA) berrespenaren zain behin-behienean aplikatzen den bitartean, EBk merkataritza akordioak negoziatzen jarraitzen du, beti logika berdina jarraituz: sekretismoa, azpitik lege harmonizazioa eta arriskuak lan eskubideen, osasunaren eta ingurumenaren arloetan, besteak beste. TTIP motako akordio baten adibide da EBk eta Japoniak sinatutako JEFTA hitzarmena.

Akordio honen garrantziaz ideia bat egiteko kontuan hartu behar da Japonia munduko laugarren ekonomiarik handiena dela eta EBaren bigarren kide komertziala Asian. Elkarrekin munduko ekonomiaren herena baino gehiago mugitzen dute. Beraz, bistan dago EBk “inoiz negoziatutako aldebiko merkataritza akordiorik handiena” TTIP edo CETA bezain garrantzitsua edo are eta garrantzitsuagoa dela.

2019 martxan jarriko den akordioak, EEBBekin (TTIParekin) negoziatu ziren gai berdinak ditu barne: zerbitzu publikoak, araudia, kontratazio publikoa, elikagaiak eta nekazaritza. JEFTAk TTIParekin eta CETArekin zalantzan jarritako kapitulua dauka barne: “kooperazio araugilea”, ingurumenaren eta osasunaren inguruko araudiak azpitik harmonizatzea baimentzen duena, eta “lista negatiboak”, zerbitzu publikoen pribatizazioa baimentzen duena.

Alde batetik, JEFTA mehatxua da bai Japoniako bai Europako nekazaritza familiarrarentzat. Nekazariak hamarkadak daramatzate kalitatezko produkzioa bermatzen duen bidezko eta gertuko merkataritzaren aldeko apustua eskatzen.

Beste aldetik, JEFTA martxan jartzen denean ingurumeneko eta gizarte babeseko araudietan ondorioak izango ditu. Izan ere, aldaketa klimatikoa gelditzeko esfortzuak bermatu beharrean emisio kutsakorrak biderkatuko dira distantzia handira produktuen elkartrukeak bermatzean. Gainera, kontuan hartu behar da JEFTAren garapen iraunkorreko kapituluak ez daukala mekanismo zigortzailerik eta beraz estatuek eta enpresek kapituluko disposizioak urratzen badituzte ez da ondoriorik egongo.

Baleen ehizari dagokionez, 2016an Europar Parlamentuak ebazpen bat aprobatu zuen Europar Komisioari ondorengoa eskatuz: Japoniari Nazioarteko Baleen Komisioaren baleen ehizaren aurkako akordioa betetzea eskatzea. Hau ez da merkataritza elementu bat baleen haragia EBean debekatuta dagoelako, baina EBak JEFTAren sinadura Japoniak baleen ehizaren debekua onartzearen baldintzapean jarri zezakeen eta azkenean ez du egin.

Lan arloan nabarmentzekoa da, Japoniak oraindik ez dituela berretsi OITaren oinarrizko lan hitzarmen batzuk: derrigorrezko lanaren inguruko 105. hitzarmena eta lanean diskriminazioaren inguruko 111. hitzarmena.

Generoari dagokionez, JEFTAk ez dauka genero ikuspegiko kapitulurik eta ez ditu akordioaren inpaktuak genero ikuspegi batetik ebaluatu.

Beste mehatxu bat, JEFTAn arreta-printzipioa (osasunarentzat edo ingurumenarentzat arriskua % 100ean baztertu ezin baldin bada, produktuen salmenta debekatzen duena) ez dago behar beste babestuta. Ezin dugu ahaztu Fukushimako hondamendi nuklearra orain dela zazpi urte izan zela eta erradiaktibitate mailak inguruetan oraindik altuak direla. Hala ere, Europar Komisioak Japoniako hamar eskualdeko produktuen inportazioari muga kentzea erabaki zuen, Fukushimako arroza barne.

Zerbitzu publikoak, osasun publikoa, giza eta lan eskubideak, ingurumena, eta arautzeko gobernu eta parlamentuen ahalmen demokratikoa murrizten duen akordio baten aurrean aurkitzen gara berriro. JEFTAk merkataritza librea bermatzen du giza garapenaren eta planetaren mugen gainetik. Dudarik gabe, zuzendu beharreko merkataritza-politika bat da eta honen aurrean mobilizatzen jarraitu behar dugu.