Kontzentrazioa otsailaren 6an “Gerrari ez” esateko

2022/02/02
ELAk otsailaren 6an, eguerdiko 12:00etan, Bilboko Arriaga Antzokian egingo den elkarretaratzea babesten du, "Gerrari ez" lelopean, eta euskal herritarrak bertan parte hartzera animatzen ditu.

Azken egunotan kezkaz ikusten ari gara Ukrainan tentsioak gora egin duela, eta gerra berri batekin mehatxatzen ari dela. Potentzia ezberdinek beren interesak, herritarrak kontuan izan gabe, defendatzen dituzte. Gerra bat pizteak, lehen eguna izanda ere, aurreikusi ezinezko ondorioak izan ditzake herritarrentzat. Noiz eta non hasten den jakin liteke, baina gaur egungo zirkunstantzietan inork ezin du iragarri noraino iritsiko litzatekeen haren hedadura eta iraupena.

Lehenengo kaltetuak lurralde horretako populazio zibilak izango dira. Berehala migratzera behartuak izango dira, “behartutako migratzaile” bihurtuko dira gauetik goizera.


“Gerrari ez” esateko, ELAk bat egingo du Ongi Etorri Errefuxiatuak, KEM-MOC Bilbao eta "Gerra hemen hasten da"k deitutako elkarretaratzearekin, otsailaren 6an, eguerdiko 12:00etan, Bilboko Arriaga Antzokian egingo dena. Era berean, bertan euskal herritarrak parte hartzera animatzen ditu.