Lakuntza: "Neofaxismoaren fenomenoa ulertzeko ezinbestekoa da inolako mugarik ez duen kapitalismoaren jatorriari erreparatzea"

2019/05/22
Mitxel Lakuntza idazkari nagusia buru duela, Europako Sindikatuen Konfederazioaren (CES) 14. Kongresuan parte hartzen ari da ELA. Hilaren 21ean hasi eta 24an amaituko den kongresuan Konfederazioko kide diren 90 sindikatu eta 10 federazioetako ordezkariak bilduko dira Vienan. Austriar hiriburuan europar sindikatuek datozen lau urteetan izango duten ekintza programa erabakiko da, baita Vienako Manifestua ere, datozen aldirako europar jarduera sindikalaren oinarriak jasotzen dituena, hain zuzen ere.

Europar eraikuntza, demokrazia eta ultraeskuinaren mehatxuaz aritu da ELAko idazkari nagusia. Lakuntza bat etorri da bertan nagusi zen kezkarekin: eskuin muturraren gorakada oso arriskutsua da. Are gehiago, azpimarratu duenez, ezberdinenganako gorrotoa eta antikolektibismoa dago diskurtso horien atzean.

Azaldu duenez, ultraeskuinak giza-eskubideak (sozialak barne) defendituko dituzten erakundeak suntsitu nahi ditu, baita sindikatuak ere; izan ere, “sindikatuak solidaritatea sustatzen du, naziotasun, jatorri eta generoa edozein dela ere”. Hain zuzen, sindikalismoaren eginkizuna hori dela aldarrikatu du, berez antifaxista delako. “Horregatik da ultraeskuinarentzako antidotorik onena”, gehitu du.

Bestalde, antikolektibismoa eta erantzun kolektiboen aurkako jarrera politika instituzionalean eta eskuineko alderdien artean ere hedatuta dagoela adierazi du Lakuntzak. “Azken hauentzat eskubide sozialak eta laboralak traba bat baino ez dira, baita grebak ere”, salatu du.

ELAko idazkari nagusiak neofaxismoaren aitzinatzea mehatxu larria dela nabarmendu du, eta adi egon behar garela; baina ohartarazi du fenomeno hori ulertuko bada ezinbestekoa dela inolako mugarik ez duen kapitalismoaren jatorriari erreparatzea. “Honek eman dio bide mehatxuari, prekaritatea, ezberdintasuna, pobrezia eta beldurra bultzatzen duten politikak ezarri dituenean”, gehitu du.

Horrenbestez, Lakuntzak politika publikoak zeharo aldatzea galdegin du. Bide beretik, botere ekonomikoekin konfrontatzea eskatu dio ezker politikoari, aberastasuna, enplegua eta etxebizitza banatzeko politikak aldarrikatuz.

Azkenik, ezker politikoak eta sindikalismoak jendearen benetako arazoetatik gertu egon behar dutela gogorarazi du, jende xumearen alde egiteko sortu zirelako, ez botereen alde egiteko. Horregatik, europar sindikatuei dei egin die langile-klasearen arazoak kontuan izan ditzaten, baita lantokietatik kanpo ere, besteak beste, auzo eta kaleetan.

Amaitzeko, aliantza sindikal eta sozialen garrantzia goraipatu du: mugimendu feminista, errefuxiatuak laguntzeko erakundeak, giza eskubideak defenditzen dituzten elkarteak, pentsiodunak... “Hauek guztiak beharrezkoak dira Europa sozialagoa, ekologistakoa, feministagoa eta demokratikoagoa lortzeko”, baieztatu du.