KONGRESUA PORTUGALEN
Lakuntzak baieztatu du greba dela sindikalismoaren tresnarik eraginkorrena, CGTP sindikatuak Lisboan egindako kongresuan
Halaber, azpimarratu du bi erakundeek borroka sindikal eta sozialaren aldeko apustua egiten dutela. Zentzu horretan, baieztatu du greba dela ekintza sindikalaren funtsezko tresna. Bide beretik, gogorarazi du bi sindikatuek badutela beste zerbait komunean:
herrien subiranotasunaren defentsa, "botere finantzario eta ekonomikoaren mende dagoen Europan".
Botere ekonomikoaren erasoaldiaren aurrean, sindikalismoak dituen erronkez mintzo izan da. Kapitala ahalik eta gehin metatu nahian dabiltzala salatu du, baita lan baldintzak eta zerbitzu publikoak gero eta prekarioagoak direla salatu ere. Erronka horri zera gehitu behar zaio: NATOk eta arma industriak sustatutako belizismoaren hazkundea, herrialde pobreenen baliabide naturalen espoliazioa eta eredu horren ondorio klimatikoak.
Eraso horren aurrean, "elkartasuna, antolakuntza eta borroka besterik ez dago", adierazi du Lakuntzak. "Sindikatuen arteko borroka da sindikalismorako biderik zintzoena; baita langileen interesak defendatzeko biderik eraginkorrena ere", gogorarazi du ELAko idazkari nagusiak. Euskal Herriaren egoerari buruz ere hitz egin du labur, gobernuen eta patronalaren arteko aliantza salatzeko, baita sindikatuak prekaritatearen, pobretzearen eta zerbitzu publikoen defentsaren aurkako borrokan dituen erronkak partekatzeko ere.
Bestalde, Lakuntzak CGTP eta langile portugaldarrak zoriondu ditu apirileko iraultzaren berrogeita hamargarren urteurrenean. Krabelinen iraultzaren baloreen legatuaren garrantzia gogoratu du eta "Sempre 25 de abril" esanez amaitu du.
Nazioarteko elkartasuna oso presente egon da mintegian. Saharako okupazioa gogoratzeaz gain, Palestinako herriak jasaten duen genozidioaz hitz egin da. ELAko idazkari nagusiak elkartasuna adierazi dio Palestinari, okupazioa salatu du eta herri palestinarraren askatasuna exijitu du. Mintegiari amaiera emateko, Palestinako sindikatuko ordezkariak hitz egin du, eta mintegian parte hartu duten guztiak zutik jarri dira, `Palestinak irabaziko du!´ oihu artean.