LANEren Arauen Aplikazio Batzordeak Brasilgo kasua eztabaidatu du

2018/06/06
Nazioarteko Lan-Arauen Aplikazioko Batzordeak atzo, asteartez, Brasilgo kasua eztabaidatu zuen, estatu honek sinatu dituen hitzarmenak urratu egin baititu. Egunotan Genevan Lanaren 107. Nazioarteko Konferentzia ari da garatzen, Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE) antolaturik.

 

Batzordeak aztertu egiten ditu nazioarteko lan-arauak urratu dituzten herrialdeen 24 kasurik larrienak; hauen artean dago Brasil. Izan ere, zerrendan sartu zuten 13.467/2017 legeak (lan erreformak), 98. Hitzarmena urratzen duelako (askatasun sindikalari buruzkoa); hitzarmen honek langileen antolatzeko eskubidea, sindikalizatzekoa eta negoziazio kolektibokoa finkatzen ditu.

Duen garrantziagatik, “Brasil kasua” aipatzeko 38 hizlarik eman zuten izena, langile, enpresari eta gobernuen artean. Brasildik Lan ministroa ere tartean dago, Helton Yomura.

Langileak. Arauen batzordeko langileen ordezkaritzak Batzordeari helarazi zion lan erreformarekin burutu den ibilbidea. Erreformak indarrean dagoen Lan Legea zeharo aldatzen du, baina erabaki aurretik ez zaie kontsultarik egin sindikatuei. Langileen ordezkarien arabera, gainera, 13.467/2017 legeak langileen babes sistema guztia ahultzen du, eta sindikatuen zein langileek auzitara jotzeko duten eskubideari erasotzen die (justizia nahi dutenak dirutza ordaintzera derrigortzen ditu). Halaber, kargu hartu zitzaien enpresariei eta gobernuari lan arloko epaileei presioa eragiteagatik eta jazartzeagatik, hauek legearen irakurketa desberdina egin dutenean.

Enplegu-emaileak. Arauen Batzordeko enplegu-emaileen bozeramaileak esan zuen oraindik ez dagoela nahikoa daturik ebazteko nazioarteko hitzarmenak urratu ziren ala ez. Bestalde, esan zuen analisia abstraktua dela legeak denbora laburra daramalako indarrean, eta adituei egotzi zien irizpide teknikoak erabili ordez ideologiei men egitea. Gainera, nabarmendu zuen Brasilen langileen eskubide maila sendoa dela eta lege berriak ez duela aldatu; haren esanetan ez omen da nazioarteko araurik urratu. Enpresarien ordezkariek Brasilgo egoeraren azterketa datorren hirurtekoraino atzeratu nahi dute.

Gobernua. Bere aldetik, Brasilgo Lan ministroak adierazi zuen bere herrialdea arrazoi politikoengatik sartu dutela short listean; gainera, LANEko adituei leporatu zien beren eginkizunean huts egin zutela eta partzialak izan direla, interes alderdikoien arabera. Ministroak ikusi zuenean Brasil 98. Hitzarmena urratzeagatik sartu zutela zerrendan, elkarrizketa alde batera utzi eta eraso egin zien adituei eta LANEri berari.

Ostegunera arte, hilaren 7ra arte, itxaron behar da adituek beren ondorioekin argitaratuko duten txostena ezagutzeko.