Laura Gonzalez de Txabarri: “Berdintasun ezak faxismoa elikatzen du, eta berdintasun ezaren aurkako antidotorik onena sindikatuak gara”

2021/11/10
ELAren ordezkaritza batek Europako Sindikatuen Konfederazioaren agintaldi erdiko Konferentzian parte hartu du, Lisboan, azaroaren 8tik 10era. Portugalgo hiriburuan egindako bileran, sindikatuek Europa soziala eraikitzeko dituzten egungo eta etorkizuneko erronkei buruz eztabaidatu da.

Laura Gonzalez de Txabarrik, nazioarteko harremanetarako idazkariak, langileentzako Europa bidezkoago bati buruzko eztabaidan parte hartu du, eta Next Generation EU funtsen inguruko ELAren kezka azaldu du. Funts horiek baldintzatuta daudela nabarmendu du, eta horrek langileei eskubideak galtzea eragin diezaiekeela. Gainera, ekonomiaren eraldaketa digitala eta ekologikoa bultzatzeko aurreikusitako funts horiek enpresa eta multinazional handiei egingo dietela mesede azpimarratu du, eta enpresa horiek dira baliabide naturalak agortzeko puntura bultzatu gaituzten berberak.

Laura Gonzalez de Txabarrik bere hitzaldian erabakiak hartzerakoan eragiteko sindikalismoaren papera aldarrikatu du. Izan ere, “praxiak erakusten digunez, kaleetan gehien mobilizatzen garenean, lantokietan antolatzen garenean, langileak grebara beren eskubideak defendatzera joaten direnean, benetako eragina izateko gai sentitzen gara”.

Azkenik, eskuin muturrari aurre egiteko beharra eta sindikatuek horretan duten funtsezko rola azpimarratu du. "Berditasun ezak faxismoa elikatzen du, eta sindikatuak berdintasun ezaren aurkako antidotorik onena gara".