Manifestazioa maiatzaren 23an Palestina, Kolonbia, Sahara eta Kurdistani elkartasuna adierazteko

2021/05/19
Azken aste hauetan munduak Palestinan, Kolonbian, Saharan eta Kurdistanen gertatzen ari dena atsekabetuta ikusten du. Gatazka desberdinak diren arren, gatazka guzti hauek paralelismo handiak dituzte haien artean. Horregatik ELA, LAB, CCOO Euskadi, UGT Euskadi, ESK, STEILAS, EHNE Bizkaia, Etxalde eta Hiru sindikatuek manifestazioa antolatu dute maiatzaren 23rako, igandea, Donostian –12:30tan Boulevardean–.

Israelek Palestinako herriaren aurkako bortizkeria eta kolonizazio makineria guztiarekin jarraitzen du. Jerusalemen 600 pertsona baino gehiago zauritu zituen indarkeriari Gazaren aurkako enegarren eraso militarra gehitu behar zaio. Errepresio estrategia honen testuinguruan 200 pertsona baino gehiago hil ditu Israelek Gazan, eta, zoritxarrez, kopuruak gora egiten jarraitzen du. Langile humanitarioak espetxeratu dituzte; hala nola, Health World Committees Palestinako osasun- erakundean Proiektuen Koordinatzaile gisa lan egiten duen Juana Ruiz. Palestinako herriak greba orokorra deitu du gaurko, eta gure babes osoa ematen diogu.

Kolonbian Ivan Duqueren Gobernuak herria bortizki erasotzen jarraitzen du. Apirilaren 28az geroztik, 47 pertsona hil dira ustez indar publikoaren ekintzen ondorioz; 16 pertsona genero- indarkeriaren biktima izan dira indar publikoen eskuetan, 32 pertsonek begietako lesioak dituzte eta 32 suzko armekin zaurituak izan dira; 67 pertsona giza eskubideen defendatzaile erasotuak izan dira; 1.291 pertsona atxilotu dituzte legez kanpoko prozedura arbitrarioen bidez, eta tortura nahiz tratu ankerrak jasan dituzte, eta 548 pertsona ustez desagertu dira gizarte-protestaren esparruan.

Mendebaldeko Sahara, 2020ko azaroaren 13an, Marokok 1991tik indarrean dagoen su-etenerako Akordioa nahita urratuz Guerguerat-eko zerrenda inbaditu zuenetik gerra egoeran dago. Sultana Khaya ekintzaile sahararrak salatu duenez, paramilitar marokoarrak bere etxean sartu eta bera nahiz bere ahizpa bortxatu dituzte. Giza eskubideen urraketa larri hauek Marokoren okupazioari eta nazioarteko komunitatearen utzikeriari aurre egiten dion saharar herri baketsu bati inposaturiko gerra testuinguru batean gertatzen dira. Sindikatu sinatzaileok datozen egunetan gure herri eta hiriak zeharkatuko dituen saharar herriaren askatasunaren aldeko martxa babesten dugu,

Kurdistanek herri bezala biziraun ahal izateko erresistitzen eta borrokatzen jarraitzen du. Abdullah Öcalanek 22 urte baino gehiago daramatza preso. Turkiako estatuak Sinyarreko biztanleen bizitzak arriskuan jarriz herri kurdua erasotzen jarraitzen du, eta Turkiako Parlamentuko hirugarren indarra den Kurduen eskubideen aldeko Herrien Alderdi Demokratiko-ko (HDP) 108 militanteek, Kobane hiri kurduaren setioa salatzeagatik, 38 bizi osorako kartzela zigor eta 19.000 urtetako kartzela zigor eskariei egin behar diete aurre.

Aipaturiko guztiagatik, sindikatu deitzaileek haien lurraldeetan bizitza, bakea eta demokraziaren alde eta herriek demokrazian aske bizitzeko duten eskubidearen alde borrokan dauden herriei gure elkartasun internazionalista osoa bidaltzen diegu. Hortaz, gertatzen ari dena salatzeko euskal jendarteari dei egiten diote maiatzaren 23an, igandea, 12:30ean Donostiako Bulebarrean egingo den herri-manifestazioan parte hartzera.