Mendebaldeko Saharan errepresioak eta lapurretak ez du etenik

2019/09/09
Badira berrogei urte Marokok saharar herriaren eskubideak sistemaz urratzen dituela, batik bat lurralde okupatuetan: han herritar sahararrak zapaldu, diskriminatu eta baztertu egiten dituzte, eta ostu egiten dizkiete beren baliabide naturalak, baita lan duinerako eskubidea ukatu ere. Orain, UGTSARIO saharar sindikatuak argitaratutako azken txostenean jaso dira marokoar gobernuak Mendebaldeko Saharan egin dituen giza-eskubideen urraketa batzuk.

Txostenak gogorarazten du saharar herriari zor zaiola Mendebaldeko Sahararen gaineko soberania, eta ondorioz baliabide naturalak, mineralak eta arrantza ustiatzeko harek baimena eman behar du. Haatik, baliabide horiek Marokok ustiatu eta ostu egiten ditu; ez ditu errespetatzen autodeterminazio eskubidea gauzatu gabeko herrien lurraldeei buruzko nazioarteko karta eta ebazpenak.

Zenbait adibide: Bukraako fosfato meatzaritza edota arrantza. Europar Batasuna lapurretaren konplize da, Marokorekin duen legez kanpoko arrantza akordioa medio, honek Mendebaldeko Sahararen kostaldean lurralde-uretan jarduteko aukera ematen baitu, molde tradizionalak darabiltzaten ehundaka saharar arrantzaleren kaltetan.

Lapurretaz gainera, saharar herriak zapalkuntza eta diskriminazio politika basatia pairatzen du. Iaz Europar Parlamentuko kide ugarik gaitzetsi egin zuten “marokoar agintarien jazarpena eta presio ekonomikoa saharar aktibisten eta herritarren aurka, hauek autodeterminazio eta independentziarako eskubidea aldarrikatzen dutelako eta Giza-Eskubideen zein adierazpen askatasunaren aldeko borroka baketsuaren ondorioz”. Kaleratzeak eta soldataren ordaina etetea dira, besteak beste, Marokok erabiltzen dituen bitartekoak okupazioaren kontra borrokan ari direnekin.

Bestalde, Marokok oraindik ukatu egiten ditu ikerketa justu eta independenteak poliziaren zaintzapean daudela hil diren saharar herritarren kasu ugariak argitzeko; biktimen familiak marokoar justizia organoetan salaketak jarri dituzte beren senideak zer egoera eta baldintzatan hil ziren jakitearren. Kasu batzutan eman ziren baimen eta jakinarazpenak medio agintariek hildako horiek ehortzi zituzten bertan seniderik ez zegoela.

Bestalde, nabarmendu beharra dago 2014tik hona Marokok saharar kausaren aldeko ia 200 atzerritar kanporatu dituela, herritarrek jasaten dituzten errepresaliak ezkutatzen jarraitzeko, baina baita eragozteko ezagutu dadin pobretzea dela erabiltzen duen arma okupazioaren aurka borrokatzen diren milaka herritarrak menperatzeko.

Irakurri txosten osoa