Multinazionalen boterearen aurkako #StopISDS kanpaina

2019/02/14
ELAk bat egin du Europako 200 sindikatu eta gizarte eragiletik gora multinazionalek duten gehiegizko boterearen aurka martxan jarri duten #StopISDS ekimenarekin. Kanpaina hau bultzatzen duten eragileok uste dugu ISDS mundu mailako mehatxua dela. Demokrazia, giza eskubideak, zuzenbidezko estatua, ingurugiroarekiko babesa, osasuna, genero berdintasuna, zerbitzu publikoak eta lan eta kontsumitzaileen eskubideak ahultzen ditu.

Kanpainarekin bat egin nahi baduzu klik egin beheko loturan eta sinatu. Dagoeneko 500.000 lagunek adierazi dute euren atxikimendua!

https://stopisds.org/eu/

Zer da #StopISDS kanpaina? Nazioarteko saileko kide Eider Azcunagak galdera honi erantzuten dio artikulu honetan.

Multinazional batek tabakoaren inguruko publizitatea debekatzeagatik edo soldata minimoa igotzeagatik Estatu bat salatu ahal izatea imajinatzen al duzu? Eta Estatuek diru publikoarekin enpresei milioi askoko “konpentsazioak” ordaindu behar izatea erregulazio hauek enpresen emaitzetan eragiten dutelako? Ba hau dagoeneko gertatzen ari da.

ISDSa inbertitzaile eta estatuen arteko eztabaidak konpontzeko mekanismoa da, enpresa multinazionalei gobernuak auzitegi pribatuetara eramateko aukera ematen diena Estatuen lege aldaketek euren irabazi ekonomikoetan traba egiten dutela uste dutenean.

Nazioarteko arbitraje epaimahai hauetan arbitroak merkataritza-zuzenbidean eta nazioarteko merkataritzan espezializatutako abokatuak dira, askotan enpresa handi hauetan lan egiten dutenak (edo lan egin dutenak).

ISDSa nazioarteko merkataritza akordio askotan topatu daiteke, eta noranzko bakarrekoa da, enpresek bakarrik salatu ditzateke Estatuak eta ez alderantziz, enpresek giza eskubideak, ingurugiro edo lan legediak urratzen dituzten arren.

Guzti honengatik, ISDSa “larderiazko efektua” dauka: Estatuak salatuak izateko beldur direnez, ingurugiro, lan eta gizarte babeseko politikak sustatzeari uko egin diezaiokete.

ELAk, “EHk Kapitalari Planto!” plataformako kide bezala, “Mutinazionalak geldi ditzagun. Stop ISDS” kanpaina europarrera batu da. Kanpaina Europar Komisioko presidenteari, EBren Kontseiluko lehendakaritzari, EBko Estatu kideetako ordezkariei eta Europar Parlamentuko kideei aurkezteko sinadura bilketa masibo batean egituratuko da, bi gairen inguruan:

1. Epaitegi korporatiboen (ISDS) desagerpena, berauek dituzten merkataritza eta inbertsio itunetatik ateratzea eta tankera honetako itun gehiago ez sinatzea etorkizunean.

2. Giza eskubideen inguruko Nazio Batuen enpresa transnazionalei buruzko itun loteslea bideratu, baita zigorgabetasun konporatiboarekin amaitu duten lege europar eta nazionalak ere.