Munduko herrialdirik okerrenak langileentzako

2023/06/30
Urtero bezala, Nazioarteko Konfederazio Sindikalak (gaztelaniaz CSI) CSIren 2023ko Eskubideen Indize Globalak txostena argitaratu du, non munduko herrialde okerrenak aztertzen diren langileen baldintzei dagokienez. Lotsaren zerrenda honetan ekintza sindikalaren aurkako estrategiak zabaldu dituzten gobernu eta enpresak agertzen dira.

Aurten Global Rights Index-en 10. edizioa egin da, eta 2023ko emaitzek agerian uzten dute munduko bizi-kostuaren krisia larriagotu egin dela munduko eskualde guztietako langileen eskubideen errepresioaren ondorioz. Eswatinitik Myanmarrera, Perutik Frantziara, Iranetik Koreara, langileen lan-eskubideak errespetatzeko eskaerei entzungor egin zaie eta haien disidentziak gero eta erantzun basatiagoak jaso ditu estatuko indarren aldetik.


2023ko indizeak erakusten du langileen eskubideen urraketei buruzko zifra nagusiak maximo historikoetara iritsi direla. Txostena legearen araberako lan-eskubideen azterketa sakona da, 149 herrialdetako banakako kalifikazioak zehazten dituena, eta mota horretako datu-base bakarra da.


CSIren Eskubideen Indize Globalak lan egiteko munduko herrialde txarrenak zein diren erakusten du, herrialdeak langileen eskubideen errespetu-mailaren arabera sailkatuz. 2023an langileentzako 10 herrialde okerrenak hauek dira: Bangladesh, Belarus, Ekuador, Egipto, Eswatini, Filipinak, Guatemala, Myanmar, Tunisia eta Turkia.

 

Urraketen errekor mailen artean, honako emaitza hauek nabarmentzen dira:


- 10 herrialdetatik 9tan greba-eskubidea urratu da.


- Herrialdeen % 77an, langileak sindikatu batean sartzeko edo afiliatzeko eskubidetik kanpo geratzen dira. Langile migratzaileei, etxeko langileei, aldi baterakoei, ekonomia informalean lan egiten duteneii, plataformetako langileei eta eremu ekonomiko berezietako langileei askatasun sindikalerako eskubidea ukatu zaie.


- Herrialdeen % 42an adierazpen-askatasunerako eta biltzeko eskubidea murriztu da, eta manifestatu ziren langileek sarritan egin behar izan zioten aurre poliziaren basakeriari.



Hona hemen beste funtsezko zifra batzuk:


- 10 herrialdetatik 8tan urratu da negoziazio kolektiborako eskubidea.


- Herrialdeen % 73an sindikatuak debekatu dira edo erregistratzea eragotzi da.


- 69 herrialdetan langileak atxilotu eta espetxeratu zituzten.


- Herrialdeen % 65ean ukatu egin zaie langileei justiziarako sarbide osoa edo partziala.

 

Nazioarteko Konfederazio Sindikalaren (CSI) Eskubideen Indize Globala hemen dago eskuragarri.