Nakba: 75 urteko zapalkuntza

2023/05/15
Maiatzaren 15ean, Israelgo Estatuaren sorreraren 75. urteurrena da, Nakba Eguna (“hondamendia” arabieraz). Nakbak 700.000 palestinar baino gehiagorentzat bere etxeak utzi beharra eta erbestealdia suposatu zuen, baita ehunka komunitateren suntsiketa ere. Urteurren triste honetan, ELAtik Palestinako herriak pairatzen duen muturreko krudelkeria salatzen dugu, gure elkartasun osoa adierazten dugu eta herri honen aurkako indarkeria amaitzea exijitzen dugu.

Israelgo Estatuak okupazio- eta kolonizazio-politikak hasi eta 75 urtera, giza eskubideen etengabeko urraketek jarraitu egiten dute, nazioarteko komunitatearen konplizitatearekin. Isiltasun konplize honek palestinar natiboen hilketa, hauen kanporatzea, apartheid-a eta guettoetan giltzapetzearen politika israeldarra normalizatzen du.


Aurten, Nakbaren urteurrena, bereziki odoltsua den testuinguru batean gertatzen da. Izan ere, Israel Gazako Zerrenda setiatua gogorki bonbardatzen ari da, izua, heriotza eta suntsipena eraginez.

Egun honetan, ELAk gogora ekarri nahi ditu, halaber, langabezia-tasa altuak eta prekarietatea, lurren konfiskazioa, lan-baimenak lortzeko zailtasunak, Israelera sartzeko muga-bidegurutzeetan ilara luzeak egin behar izatearen umiliazioa, lantokietako lan-osasun eta -segurtasun falta eta abar luzea sufritzen dituzten langile palestinarrak.


Urteurren triste honetan, ELAtik Palestinako herriak pairatzen duen muturreko krudelkeria salatzen dugu eta gure elkartasun osoa adierazten diogu. Era berean, nazioarteko komunitateari Israelgo Estatua nazioarteko legezkotasuna betetzera behartzeko beharrezko neurriak har ditzala exijitzen diogu. Palestinako herriak bere lurrean askatasunez eta burujabetasunez bizitzeko eskubidea egikaritu ahal dezan, okupazioa amai dadila eta errefuxiatu palestinarrek euren itzultzeko eskubide legitimoa bete ahal dezaten.