PALESTINA

Nakba: 78 urteko okupazio, genozidio eta erresistentzia palestinarra

Nakba: 78 urteko okupazio, genozidio eta erresistentzia palestinarra
Maiatzaren 15ean 78 urte beteko dira Nakba hasi zenetik, 1948an ehunka mila palestinar beren lurretatik indarrez kanporatu zituztenetik. Nakbak bizirik dirau gaur egun Palestina osoan, bere duintasunaren eta existitzeko eskubidearen alde borrokan zutik dirauen herri batekin.

Gazan, Israelgo Estatuak herri palestinarraren aurkako suntsiketa-politika burutzen du. Biztanleria zibilaren sarraskia, milaka haurren hilketa, ospitaleak, eskolak, unibertsitateak eta etxebizitzak nahita suntsitzea, laguntza humanitarioa eta elikagaiak blokeatzearekin batera, mendebaldeko potentzien konplizitatearekin gauzatutako suntsipen sistematikoko estrategia baten parte dira.

Indarkeria Zisjordaniara hedatzen da, non Israelgo armadak eta kolonoek erasoak, bortxazko kanporatzeak eta Palestinako lurren legez kanpoko okupazioa areagotzen duten. Sarekada militarrek, hilketek, atxiloketa masiboek eta komunitate palestinarren aurkako erasoek anexio eta garbiketa etnikoaren logikari erantzuten diote.

Horri Palestinako errefuxiatuek inguruko herrialdeetan bizi duten egoera gehitu behar zaio. Libanoko milaka errefuxiatu palestinarrek muturreko zaurgarritasunari aurre egin behar diote berriro ere. Izan ere, Israelen bonbardaketen ondorioz erbesteratzearen, gerraren eta eskubide-gabeziaren ondorioak pairatzen ari dira.

Israelgo Estatuaren inpunitatea elkartasunaren kriminalizazioan eta salaketak isilarazteko saiakeran ere oinarritzen da. Testuinguru horretan kokatzen dira blokeoa hautsi eta palestinar herriari laguntza helarazten saiatzen direnen aurkako eraso eta mehatxuak, Flotillaren aurkako azken erasoa kasu. Baita Europako hainbat herrialdetan ematen ari diren Palestinarekiko elkartasun erakunde eta kanpainen jazarpena ere.

Kazetarien jazarpena eta hilketa informazioa isilarazteko ahalegin horretan kokatzen da ere. 260 kazetari baino gehiago hil ditu Israelek Gazan, Libanon, Yemenen eta Iranen, 2024 eta 2025 erregistroak daudenetik kazetaritzarentzat urte hilgarrienen artean kokatuz. Krimenak dokumentatzen dituztenak ezabatzea zigorgabetasun-estrategia horren parte da.

Gaur gogoan ditugu, halaber, milaka preso palestinar, Israelgo kartzeletan bidegabeki atxilotuak, torurak eta baldintza ankerrak pairatzen dituztenak, haietako asko epaiketarik eta bermerik gabe. Epaiketaz kanpoko exekuzioak eta duela gutxi onartu den heriotza-zigorra, espezifikoki palestinarren aurkakoa, herri oso baten aurkako ezabatze-politika baten parte dira.

Eta ez dugu aipatu gabe utzi nahi basakeria honen guztiaren aurrean dagoen inpunitatea ezin dela ulertu okupazioari zuzenean edo zeharka eusten dioten eta estatu genozida bat zuritzen laguntzen duten gobernu, erakunde eta enpresen konplizitaterik gabe. Zentzu horretan, Europar Batasunaren hipokresia eta konplizitatea azpimarratu behar dira, baita zenbait estatu kideena ere, giza eskubideak eta balio demokratikoak defendatzen dituztela aldarrikatzen duten bitartean, izugarrikeriak zigorgabetasun osoz jarrai dezan ahalbidetzen baitute.

Gaurkoa bezalako data batean, ELAk bere konpromiso internazionalista eta Palestinako herriarekiko eta Palestina aske baten alde borrokatzen duten pertsona guztiekiko elkartasuna berresten du. Era berean, Palestinako herriaren autodeterminazio eskubidea eta errefuxiatuen itzulera eskubidea aldarrikatzen ditu.

Beste behin ere, euskal enpresei exijitzen diegu Israelgo Estatuarekin dituzten harreman ekonomiko, komertzial edo instituzionalak hautsi ditzatela, okupazioak eta apartheidak jarraitzen duten bitartean. Era berean, Israelekin dituzten harreman politiko, komertzial eta militarrak bertan behera uzteko eskatzen diegu Gasteiz, Iruñea eta Madrilgo gobernuei, bai eta gobernu horiei eusten dieten euskal alderdi politikoei ere, helburu hori lortzeko presioa egin dezatela. Era berean, Europar Batasunaren eta Israelen arteko Elkartze Akordioa berehala etetea exijitzen dugu.

Nakbaren memoria erresistentziaren memoria ere bada. Eta gaur, inoiz baino gehiago, mobilizaziorako eta elkartasunerako deia da. Horregatik, joan den apirilaren 25ean Gernika-Palestinak antolatutako mobilizazioarekin egin genuen bezala, ELAk Palestinarekin Elkartasunak maiatzaren 15ean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan Palestina aske baten alde antolatutako manifestazioetan mobilizatzeko deia egiten du.