ELAk Palestinan emakumeentzako prestakuntza zentro bat irekitzen lagunduko du

2018/04/20
ELAk Palestinan emakumeentzako prestakuntza zentro bat irekitzeko laguntza emango du. Hori egiteko dirua Martxoaren 8ko greba dela eta, bere langileei egin dien deskontua medio bildu den kopuruaren zati bat izango da. Proiektua langabeen sindikatu palestinarraren eskutik garatuko da, eta emakumeak prestatuko ditu Samuan (Hebron) brodatuak eta alfonbrak egiteko.

Inguru hartako emakumeak bizibiderik gabe daude beren herriak kolonia israeldarrez inguratu dituztelako, horretarako etxeak eta lurrak konfiskatu dizkietelarik. Herri haien egoera are gehiago okertu da Israelek mugak itxi dituelako eta Agintaritza Palestinarrak gero eta lan-baimen gutxiago ematen dituelako, batik bat, bigarren intifadaren ondoren; horregatik familia askok ez daukate enplegurik, ezta ogibiderik ere.

Proiektu honen xedea herri haietan gertatzen ari den pobretze prozesu larriari aurre egitea da, eta enplegu duina eskaintzea egoera bereziki zailean dauden emakumeei (alargunak, umezurtzak, dibortziatuak...). Bestalde, belaunaldi berrietan galtzen ari ziren ekoizpen modu zaharrak ere mantendu nahi dira.