Prekaritatea eta prentsa askatasunaren kontrako erasoak ardatz, abian da Kazetarien Federazioen Nazioarteko Kongresua (IFJ)

2022/05/31
Maiatzaren 31tik ekainaren 3a artean, Kazetarien Nazioarteko Federazioaren (FIP) 31. Biltzarra egingo da Omango hiriburuan, Maskaten. 92 herrialdetako sindikatu eta kazetarien elkarteetako 250 parte hartzaile baino gehiago bildu dira bertan; tartea, baita ELA sindikatuko ordezkariak ere. Eztabaidagai nagusienen artean, honakoak: kazetarien espioitza, kazetariei gero eta sarriago egiten zaizkien erasoen aurkako zigorgabetasunarekin amaitzeko eskaerak, eta pandemiak sektorean duen eragina, besteak beste.

Era berean, Biltzarraren lehen egunean, Asia-Ozeania federazio berria osatu da. Eztabaidatsua izan da osaketa: herrialdeen eta eskualdeen ordezkaritzaren banaketak polemika sortu dute kideen artean, eta banaketa nabarmena izan da. Hala ere, Sabina Inderjit kazetari indiarra aukeratu dute federazio berriko presidente.

Kazetaritza, COVID-19a eta adierazpen askatasuna

Lehe eztabaida eta hausnaketa pandemiak kazetarien eta sektoreko profesionaletan izan duen eragina izan da. Parte hartzaile bakoitza bere eskualdearen argazkia egin du: Hego Amerikaz, Saudi Arabia eta Ekialde Ertainaz, Asia-Pazifikoaz, Afrikaz, Europaz, eta AEBaz. Horietako bakoitzaren berezitasunak gorabehera, guztiek bat egin dute honako hiru arlotan: lehenik, COVID-19ak bereziki eragin diela kazetari independenteei eta bereziki pandemiaren aurretik prekario zeudenei; bigarrenik, patronalek osasun krisia erabili dutela murrizketak inposatzeko eta sektorea prekarizatzeko; eta hirugarrenik, gobernu askok baliatu dutela osasun krisia murrizketak egiteko.

Hitza hartzen lehena Zulaina Lainezek (FEPALC) izan da. Hego Amerikari buruz honako bi datu esanguratsu eman ditu: COVID-19aren ondorioz munduan hildako kazetari guztien % 40 Hego Amerikakoak eta Karibekoak dira, eta Brasil, Peru eta Mexiko dira herrialde zigortuenak. Zergatik? Erantzuna argia izan da: prekarizazioagatik. Azaldu duenez, herrialde horietan freelance kazetari askok ez dute autobabeserako ekipamendurik izan. Horietako askok, gainera, 65 urte baino gehiago zituzten eta autonomoak ziren; hau da, lanera atera behar zuten kalera, jan ahal izateko. Azken egunera arte lan egitera kondenatuta baitaude, pentsio bat kobratzeko eskubiderik ez duelako. Era berean, Lainezek sektorearen murrizketak salatu ditu, bereziki emakume kazetarien kasuan. Enplegu ahulenak eta prekarioenak dituztenez, eurek dira kaltetuenak.

Kazetaritza arloko enpresa buruak, bestalde, pandemia aitzakia gisa erabili dutela adierazi du, aurretik ere egin nahi ziren berregituraketak egiteko. "Patronalak murrizketa horiek guztiak zituen buruan COVID-19aren aurretik", azpimarratu du. Horrez gain, pandemia informaziorako eskubidea mugatzeko aitzakia izan dela gaineratu du, eta eskubide horrek murriztuta jarraitzen duela.

Bestetik, Nasser Abu Bakerrek (FAJ), Saudi Arabia eta Ekialde Hurbilaren ordezkari gisa, prentsa idatziarekiko kezka agertu du, osasun krisia eraldaketa digitalaren erronka betean iritsi delako. Pandemiak prentsa idatzia bereziki kolpatu du, are gehiago hedabide independenteen kasuan eta emakume profesionalei areago. Horrekin bat, desinformazioari aurre egiteko beharra azpimarratu du, osasun krisian areagotu egin baita arazo hori.

Kazetaritzan enpleguak galdu direla ziurtatu du, bestealde, Sabina Inderjitek (FAPAJ), eta Asia-Ozeania eskualdeari buruzko datuak eman ditu: Pakistanen, 10.000 kazetaritik 8.000k lana galdu zuten pandemian eta gobernuek apenas hartu dute neurririk, are gutxiago bidezkoak ez ziren jardunbideen aurrean.